[MINTEGIA] Pandemiak arrakalak handitu eta aldaketak azeleratu ditu

[MINTEGIA] Pandemiak arrakalak handitu eta aldaketak azeleratu ditu
2021/03/17 07:52
eta kitto!
Pandemiak ekarri dituen oztopoak eta zailtasunak gaindituz, egoera eta behar berrietara egokitu behar izan da ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen XI. Euskararen Transmisioa eta Sozializazioa Mintegia, eta betidanik aurrez aurre izan den ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera egon da aurten. Atzo, martxoak 16, euren etxeko edo lantokiko ordenagailuaren bidez jarraitu zuten mintegia beste urte batzuetan Euskal Herri osoko leku ezberdinetatik etorri ohi direnek.  Eibartarrek aurrez aurrez parte hartzeko aukera izan zuten, beti ere Udaleko Batzar Aretoko aforoa errespetatuz. Euskararen biziberritzean eta sozializazioan pandemiak izan duen eraginaz jardun zuten arlo desberdinetako hizlariek. Nolako eragina izan du pandemiak, hizkuntzaren ikuspegirik, hezkuntzan, aisialdian, eskola-kirolean edo hedabide eta sare sozialetan? Zeintzuk dira azaleratu dituen arazoak eta zeintzuk dira erronka berriak?

 

Olatz

Olatz Bengoetxea, Soziolinguistika Klusterra: “Ikasleek sentitu behar dute  komunikatzeko beharra”

"Nola indartu ahozkoa gure ikastetxearen errealitatearen arabera? Haibat ikerketa mintzagai" hitzaldiarekin hasi zen atzoko mintegia. Soziolinguistika Klusterrean ahozkoarekiko interesa aspalditik dator, "baina lehentasunezkoago bihurtu zaigu pandemiak euskeraren sozializazioan izaten ari duen eraginagatik", azaldu zuen Olatz Bengoetxea ikerlariak. Askorentzat eskola da leku bakarra euskeraz aritzeko. Beraz,  "pandemiak erronka gehiago ekarri dizkigu eta beste hainbat azaleratu egin dizkigu.
Bere saioan bi proiektu aurkeztu zituen Olatzek, "pandemia aurretik martxan jarritakoak, baina egoera gogorragoetan abiapuntu eta lagungarri izan daitezkeenak". Ikerketa horiek oso  errealitate soziolinguistiko desberdinetan egin dira. Lehenengoa, Bergaran. Irakasleak nola lagundu dezake gelan? Non eta nolako aukerak sortzen dira ahozko euskara erabiltzeko eta lantzeko? Behaketa bidezko metodologia erabili zuten, saioak grabatuz eta aztertuz. "Hasieran uste genuen hipotesiaren kontra, irakasgaiak berak ez du balditzatzen euskeraren presentzia. Hori ondorioztatu genuen. Zerk baldintzatzen du, beraz, euskararen presentzia? Eta hor  sekulako garrantzia hartzen dute irakasgaiaz eta irakaskuntzaz irakasleak duen irudikapena; hizkuntzaren erregulazioaz irakasleak duen irudikapena eta, bestetik, ikasgaia bideratzeko esku artean dituen baliabide didaktikoak.
Bigarren ikerketa, "Berba-lapiko" izenekoa, oso testuinguru erdaldunetan egin da, Barakaldo eta Muskiz inguruetan, begirada oinarrizko komunikazio gaitasunean jarrita. Ikusi zen ikastetxeetan ahozkoaren lanketa sistematizatu baten beharra zegoela. Testuinguru horietan irakasleak ahalegin berezia egin behar du. Ikasleek sentitu behar dute komunikatzeko beharra. Testuingurua gertukoa izan behar dute eta gozamena ere oso garrantzitsua da atxikimendu hori lortzeko. Formatu laburrak behar dira eta hizkuntza estrategien beharra dago.
Testuinguruak, beraz, indar handia daukala azpimarratu zuen Olatzek. Zein lehetasun dauka ikastetxe bakoitzak? Zein metodología behar du bakoitzak?  "Esparru asko daude ahozkoan eta lehentasunak markatu behar dira; argi dago testuinguru guztietan eragin behar dugula. Ahozkoan eragingo duen hizkuntza-betarurrekoak jarri behar ditugu, eta errealitatearen aurrean graduatuko ditugu". Horretarako ahozkoaren lanketan sistematizazioa beharrezkoa da. Euskara hizkuntza gutxitua daukagu, ahozkoan arraunean joan behar dugu. Guztiok elkarrekin arraunean eginez.

 

 

Joseba

Joseba Fdez. de Landa, EHUko HiTZ zentroko ikerlaria:  “Twiterren  gai politikoetatik egunerokotasuneko gaietara pasatu da fokua”

"Twiterreko euskal komunitatearen eduki azterketa pandemia garaian" ikerketa aurkeztu zuen Joseba Fernandez de Landa, EHUko HiTZ zentroko ikerlariak. "Sare sozialek harremanetarako espazio berria sortu dute, harremantzeko modu berriak eta ikerketarako esparru berriak. Hizkuntza txikia izan arren, datu ugari daude euskal komunitatean", esan zuen Josebak.
Bere aurkezpenean  azaldu zuenez, "aurretik egindako ikerketetan helduen artean politika eta aktualitate gaiak nabarmentzen dira, eta, gazteen artean, aipatutako horiez gain, aisiak (kirola eta musika) indar handia dauka. Pandemia garaian egin den ikerketaren helburua da terminoen maiztasunean aldakortasuna identifikatzea (kuantitatiboa), eta esanahietan aldaketak identifikatzea (kualitatiboa)".
Bost momentu desberdin neurtu dira (ikusi beheko taula), eta momentu bakoitzean  kontzeptu bakoitzaren maiztasuna kalkulatu da. Horren ostean terminoen maiztasunaren rankinga osatu dute eta aldakortasun handiena eta txikiena lortu duten hitzen analisia egin da.
Ondorioteako bat da plano ideologikoan indartsuak ziren  zenbait kontzeptuen erabilera txikitu egin dela ("aurkezpen", "greba", "feminista", "jardunaldi", "Altsasu", "antolatu"...); eta maiztasuna handitu duten zenbait hitz egunerokotasunean zehar ematen diren praktikekin lotuta daudela ("COVID", "neurri", "osasun", "pandemia", "txerto", "positibo", "online", "kasu", "zaindu", "konfinamendu"...). "Kontzeptu bakoitzak esanahi ezberdina hartu du momentuaren arabera", baieztatu du EHUko ikerlariak.
Ondoriozta daiteke, beraz,  gai politiko orokorretan zentratzetik, eguneroko ekintzen gaineko arautzearekin erlazionatutako gaietara  igaro duela fokua Twiterreko  komunitateak. "Hitzen esanahien aldakortasunak ere pademiaren eragina isladatu du, egoera horrek hitzen esanahia aldatzeko adina indar duela erakutsiz", azaldu zuen Josebak.

Presentación de PowerPoint

 

 

 

Libe Mimenza

Libe Mimenza, Euskal Hedabideen Behategia: “Arlo digitalean emandako aldaketak gelditzeko etorri dira”

Libe Mimenzak esan zuen "kultura digitalaren konsagrazioa bizitzen ari garela (Instagram,  Youtube, Netflix, Spotify…). Euska Herria ez da irla bat eta euskal hedabideak ez gara irla bat. Gure produktuak sakratuak direla uste dugu eta hori ez da horrela. Prentsa digitala da nagusi euskal herritarron artean, eta ez papera. Eta hau barneratu beharko genuke. Hekimen elkarteko hedabide digitalak begiratzen baditugu ikaragarri igo ziren martxoan, pandemia hasi zenean. Eztanda egin zuten bisitek; bikoiztu egin da kontsumoa kasu askotan, eta irabazitakoaren zati bati eutsi egingo digu. Gauza batzuk ez dira lehengo modukoak izango".
Euskeraren sozializazioaz  hitz egiten dugunean ingurune digitalean ere pentsatu beharko genukeela uste du, "hor ere bizi baikara". Betaurreko digitalak aipatu zituen. Bere ustetan hiru betaurreko daude: "Gizaki analogikoaren betaurrekoak; gizaki hibridoa (beste garai batzuk ezagutu ditugunak gaude hor), eta, azkenik, gizaki digitala. Kontua da zein betaurrekorekin ikusi nahi dugun gertatzen ari dena. Hori da datorrena, duda barik". Aurtengoa, osoki digitala izango den etorkizun baten transformaziorako azelerazio urtea izan dela esan zuen Libek.
Bestalde, desinformazioaren inguruko kezka zabala dagoela azaldu zuen; jendeak sare sozialetan sentitzen du dagoela albiste faltsuen kantitate handiena. Eta gaur egungo joerekin jarraituz, ordainpeko albisteekiko hazkuntza nabarmena egon da azken urtean. Zergatik ordaintzen dute? Marka bat babesteko edo edukiaren kalitateagatik. "Hor euskal komunikabideek aukera bat daukagu", esan zuen.
Gazteek sareak eta bestelako plataforma asko kontsumitzen dituzte geurean ere. Gero eta gehiago dira, Liberen esanetan, Facebook edo bestelako sare sozialak darabiltzaten herritarrak albisteak jasotzeko. "2018tik informazio-iturri bezala Instagram erabiltzen dutenak bikoiztu egin dira adin tarte guztietan. Podcast-en fenomenoa, bestalde, nabarmen hazi da azken urtean ere".
Argi ikusten du Libek beti konektatuta dagoen jenderarterantz goazela; COVID-19ak + 5G-ak portaera berriak eta negozio-eredu berriak ekarriko dituela. Lan egiteko ordenagailua eta erlaxatzeko mugikorra erabiliko dela. Eta publizitate dinamikoa gora doala.
Streaming bidezko plataformetan Netflix da jaun eta jabe. "Normatiboa da, ideologizazioan ere. Kultur kolonizazioak zer pentsatu dexente ekarriko du".

 

 

Pandemiak euskaratik urrundu dituenak gerturatzeko gakoak eragileen eskutik

Euskararen alorrean lanean diharduten herriko hainbat eragilek mahai gainean jarri zituzten pandemia sasoian euren proiektuak aurrera ateratzeko bizi izan dituzten kezkak, beldurrak eta sortu diren erronka eta oztopo berriak.
Astixan haur eta nerabeekin egiten dute lan. Aisialdiko  jarduerak antolatzen eta gestionatzen dituzte, denak euskaraz.  Enaitz Alberdik eta Alaitz Andonegik gogorarazi digutenez, "pandemia baino lehen Zaldibarko zabortegiarena izan genuen eta haurrak barruan egoten hasi ziren. Gero martxoa ailegatu zen; ikastetxeak itxi ziren eta, Udalarekin berba egin eta gero, gure programak etetea erabaki genuen".  Pare bat asteko kontua izango zela pentsatu zuten hasieran, baina luzatzen ari zela ikusita, blog eta sare sozialen bitartez Jazinto Olabe ludotekako haurrekin eta Indianokua gaztelekuko nerabeekin gauzak egiten hasi ziren (erronkak, eskulanak, jolasak...). "Agian betekada digitala izan zen; gu ohituta gaude gauzak aurrez aurre egiten", esan zuten.
Zalantza eta beldur asko zeuden Astixako langileen artean, ez zekitelako zer gertatuko zen eta udalekuak egin ahal izango ote ziren. "Urduritasuna nagusi zen eta arauak etengabe aldatzen ari ziren. Haurrak izan ziren kaltetuenak, azkenak kalera irtetzen… Sozializatzeko behar handia zuten.
Udalekuak antolatzeko behar handia ikusten genuen", azaldu zuten Astixakoek. Udalekuak aurrera eramatea posible izango zen jakin gabe ere, aurrelana egiten hasi ziren. "Halako batean, ekainean, Foru Aldundiak udalekuak egiteko baimena eman zuen. Bi astetan gauza pila bat egin behar izan genituen. Azken momentura arte antolatzen ibili ginen. 300 umerekin gelditu ginen". Uda  ostean ere aldaketak egin dira, baina "ekarri du talde-lana sendotzea, beste jolas batzuk sortzea, eta material gutxi erabilita gauza asko egin daitezkeela ikusi dugu".

Astixakoak ASTIXAko Alaitz Andonegi eta Enaitz Alberdi.

 

Pandemia sasoian ere "Gurasoak eskolara"
Junkal Txurruka, Nerea Beitia eta Jone Olaizolak Eibarko Udala eta herriko bi euskaltegien artean egiten  duten "Gurasoak eskolara" proiektuaz jardun zuten. Egitasmo horretan "gehienbat euskararekin harremanik izan ez duten gurasoak daude. Baina badaude beste batzuk, bere garaian B ereduan ikasitakoak eta euskera alde batera utzita izan dutenak baina umeekin behar hori ikusten dutenak. Hizkuntzarekin kontaktua izateaz aparte, hortik haratago doa, sozializatzea ere bada".
2016an 8 talde sortu ziren,  "baina eustea da zailena, eta urtetik urtera kopurua jaitsiz joan da", azaldu zuten.  Etxeratze aginduan hiru talde martxan zeuden, aurrez aurreko saioak zortzi laguneko taldeetan  jasotzen, normalean ikastetxean bertan. Pandemiarekin egun batetik bestera testuingurua aldatu egin zen. "Formatua ere aldatu egin behar zen: online jarraitzea zen aukera. Batzuk ezingo zutela jarraitu esan ziguten.Emakumeak dira gehienak eta gauza jakina  da zaintzaz gehien arduratu direnak emakumeak izan direla pandemian. Gainera ordenagailuak behar izaten dira. Baliabide gutxi duen jendea da kasu askotan. Ahula dena holako egoeretan ahulago gelditzen da".
Ikasturte honetan, urritik aurrera, bi talde agertu dira, eskola desberdinetakoak eta aldez aurreko formatua berreskuratu dute. Aurrera begira, arrakala sozial  hori (emakukea eta euskara) gainditzeko lanketa egitea ezinbestekoa ikusten dute.

EUSKALTEGIAK Junkal Txurruka, Eibarko Udaleko euskara teknikaria; Udal Euskaltegiko Nerea Beitia eta AEK-ko Jone Olaizola.

 

Eskola kirolaren egoera pandemian
Eneko Garcia Eibarko Eskola Kiroleko koordinatzailea da, eta kirolak aisialdian betetzen duen lekua azpimarratu nahi izan zuen: "Eskola kirolak garrantzi handia du gazteen eta haurren sozializazioan, eta euskaraz egiten da. Eskola kirola bertan behera geratu izana shock handia izan zen".
Ikasturte honetan ekintzak berrantolatu behar izan dituzte. "Ikastetxe desberdinetakoak ezin dira nahastu, zapatuetako ekintzak ezin dira egin, kontakturik gabeko jarduerak izan behar dira, 15 ume baino gutxiagoko taldea, eta 6ko azpimultzoetan... Denari buelta eman behar izan zaio. Talde gehiago sortu behar izan dira eta aurrekontua igotzea ekarri du", adierazi zuen Enekok.
Horrek guztiak matrikulazioan beherakada nabarmena ekarri du: "14 aste bete behar ziren orain arte eta 7 bete dira, mozketa asko egon direlako. Tirabirak sortu dira erakundeekin, azken orduko komunikazioak direla eta ezin izan garelako ondo komunikatu".
Haur eta nerabeen artean osasunerako erakundeek ematen dituzten gomedioak ez direla betetzen esan zuen Enekok: "Besteak beste, MOE-k gomendatzen du egunez gutxienez 60 minutuko jarduera fisikoa egitea, moderatua edo bizia. Agintariek erabakiak hartzen dituztenean zein irizpide hartzen dituzten kontuan jakitea gustatuko litaidake".

Eneko Garcia Eneko Garcia, Eskola Kiroleko koordinatzailea.

 

Gurasoak Berbetan ...eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik
Berbetan egitasmoak euskara giro natural eta informalean praktikatzeko aukera ematen du. Talde txikiak izaten dira normalean eta astean behin elkartzen dira. 2002an sortutako egitasmoa da, baina "urteekin egokitzen joan gara eta hainbat adar sortu dira: Gurasoak Berbetan, Dendariak eta Ostalariak Berbetan...", azaldu zuen Maider Aranberri egitasmoaren arduradunak.
Orain dela urte batzuk sortu zen Gurasoak Berbetan, "familian erabilera areagotzeko,  hizkuntza gaitasuna hobetzeko, euskal harreman sarea sendotzeko eta euskararekiko jarrera positiboa sustatzeko".
2010etik martxan egon arren, 2017an beste buelta bat eman zitzaion. "Talde naturaletan topatu genuen harrobi txiki bat. Lehengo talde naturala ama batek eskatuta izan zen. Eskolatik irteterakoan, parkean, bere taldetxoarekin euskara egiteko konpromisoa hartu zuen ama horrek".  Talde natural hauetan bateron batek edo batzuk hartzen dute talde-gidaritza hori. "Doakoa da, irekia eta erakargarria, ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko. Gurasoentzako, baina umeentzako ere", azaldu zuen Maiderrek.
Pandemia iritsi zenean nola edo hala harreman horiei eutsi behar zitzaiela ikusi zen elkartean, "beste modu batzuk jorratzen hasi ginen: online taldeak sortu genituen berbalagunentzat, bingoa, eskulanak, magia astea, maitasun bideoak… Zalantza eta beldur asko piztu ziren, baina egoera berrira moldatu behar izan gara eta gauza berriak egiteko aukerak badaudela ikasi dugu. Apurka-apurka normaltasunera ere bagoaz, esate baterako, aurreko astean irteera egin genuen familiekin".

Maider Aranberri ...eta kitto! Euskara Elkarteko Maider Aranberri.

 

 

Publzikoa PUBLIKOA2 Mailaen