Pandemiak atzeratutako obra batzuk 2021ean egiteko lanean jarraitzen du Udalak
2021/02/20
09:52
eta kitto!
Eibarren proiektu batzuk egiteko zegoen aurreikuspena moteldu egin da hainbat arrazoik bultzatuta, hala nola, diru-sarreren jaitsiera, gastuak jarduera ekonomikoari eusteko erabili behar izana eta Eibarko familia ahulenei babesa ematea.
Eibarko Udaleko Obra Sailak egiteko zain ditu hainbat proiektu, 2020an Covid-19aren pandemiaren ondorioz atzeratu zirenak. Udalaren asmoa da proiektu horiek baldintza ekonomikoek ahalbidetzen duten bezain laster abian jartzea, eta 2021ean horri ekiteko aukera izango dutelakoan daude.
Jon Iraola Obren arloko zinegotziak adierazi duenez, “2020ko aurrekontuan, pandemia baino lehen, obretarako zegoen aurrekontua 3.250.000 eurokoa zen, baina pandemia hasi ostean, 1.000.000 euro ingururaino murriztu zen. 2021ean, horrelako inbertsioetarako aurrekontuak gora egin badu ere, ia ez da 2.000.000 eurora iritsiko."
Proiektu horietako bat Jardiñeta kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako irisgarritasuna hobetuko duten igogailuena da. Hasiera batean, 2020ko aurrekontuan aurreikusita zegoen hori egitea. Asmoa, 2021erako, Jardiñetako proiektu horretarako finantziazioa aurkitzea da, eta, era berean, 2021eko aurrekontuan txertatuta daudenei gehitzea: Ubitxa eta San Kristobal auzoetako irisgarritasuna hobetuko duen lehen igogailua egitea, Milaflores lorategi-basoa edo Sakuneko hiri-baratzeak egitea, hori guztia, Andretxea berria egokitu egin behar dela ahaztu gabe.
Honako hauek dira 2020an atzeratutako beste zenbait proiektu , Udaleko Obra Sailak 2021ean egin nahi dituenak: Urkizuko eskolako komunak berritzea (150.000 euro inguruko aurrekontua) eta Arrateko Andra Mari ikastetxearen patioko harmailetan eskailera bat eraikitzea (70.000 euro inguruko aurrekontua).
Egiteke dauden beste proiektu batzuk
Lehen esandakoez gain, Obra Sailak beste proiektu batzuk ditu egiteke, baina ez arrazoi ekonomikoengatik. Horien artean dago Mekola kaleko 6 eta 8 zenbakien eta San Juan kaleko 1etik 9ra bitarteko zenbakien arteko pasealekua hobetzeko proiektua. Proiektu horrek 2022ra arte itxaron beharko du.
Pendiente dagoen beste proiektu bat Torrekua kalea eta Berdintasun pasealekua lotuko dituen igogailuarena da, Amañako dorreen tren-geralekuaren parean. Proiektu hori, geralekuaren nasari egingo dion eragina dela eta, Eusko Jaurlaritza (ETS) aztertzen ari da, izan litezkeen alternatiba edo aukera guztietatik onena eta egokiena egiteko.
Bestelako proiektuak prestatzen
Hiria hobetzeko asmoen artean daude Ziriako Aguirre kalearen irisgarritasuna hobetzeko proiektua, Barrena kaleko 21. eta 23. zenbakietako ingurua hobetzeko proiektua, Legarreko aparkaleku berria, Julián Etxeberria kalea berriz urbanizatzea eta anbulatorioko parkea berrantolatzea hango lekua hobeto aprobetxatzeko. Horiei, Mekola eta Arratebideko irisgarritasuna hobetuko duten igogailuen proiektua gehitu behar zaie. Bestalde, Saratsuegi auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden aukerak aztertzeko eta Azitaingo Industrialdearen zirkulazioa hobetzeko beste azterlan bat ere eskatu ditu.