Parte hartzen dutenen laneratzea erreztea helburu duen ‘Lanera Bideratuz’ programa abiatu dute bosgarrenez
Armeria Eskola Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren laguntzarekin, langabetuei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programaren edizio berri bat abiatu du. Lanera Bideratuz izeneko programarekin parte hartzen dutenen laneratzea erreztu nahi dute, “lan-merkatuan sartzen laguntzeko behar diren tresnak, baliabideak eta trebetasunak emanez. Gainera, parte hartzaileen eskura jarriko da inguruko enpresetara hurbiltzeko aukera. Era berean, zuzenean ezagutu ahal izango dituzte enpresek kontratatzerakoan bilatzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak”.
Programak hainbat fase dauzka: lan-orientazioa (banakakoa eta taldekoa); garapen pertsonala; inguruko enpresetara hurbiltzea; eta laneratzea. Iraupena bi hilabetekoa da (urritik azarora) eta parte-hartzea dohainik da. Izena emateko epea urriaren 11n amaituko da. Informazio gehiagorako edo/eta izena emateko 633 90 93 88 telefono zenbakira deitu daiteke, edo elkartea@armeriaeskola.eus helbidera mezua bidali (Kontaktua: Eider Vicente).