Paula Calvok igerilari onenaren Txapela eta Kopa irabazi du Gipuzkoako txapelketan

Paula Calvok igerilari onenaren Txapela eta Kopa irabazi du Gipuzkoako txapelketan
2024/01/30 10:55
eta kitto!
Asteburuan Bergarako Agorrosin kiroldegian jokatutako Neguko absolutu, junior eta infantil mailetako Gipuzkoako txapelketan, Eibar Igerixanek hamabi laguneko ordezkaritza izan zuen bertan. Gehienek infantil mailan lehiatu zuten (hiru mutil eta hiru neska), lau emakumezko izan ziren junior mailan konpetitzen, eta bi gizonezkok jardun zuten maila absolutuan. Denen artean, Paula Calvo nabarmendu zen beste behin, guztira zortzi domina bereganatuz (euretako sei urrezkoak), gainera lau absolutu mailakoak. Berak eraman zuen infantil mailako igerilari onenaren Txapela eta Kopa eta, horrekin batera, absolutu mailako bigarren onena izatearen Kopa.

Paula Calvok urrezkoa irabazi zuen 100 libre, 200 estilo eta 100 eta 200 bizkar erako infantil mailako probetan, eta 400 libre eta 200 bizkar erakoan absolutukoan; horiekin batera, zilarrezkoa irabazi zuen 100 bizkarrean eta brontzezkoa 100 librean, kasu bietan absolutu mailan. Asier Gomez izan zen podiumera igotzea lortu zuen Eibar Igerixaneko beste ordezkaria: absolutu mailako 800 libre erako proba irabazteaz gain, bigarren izan zen 1.500 librean.