Paula Rojo (abeslari eta musikagilea): “Euskal Herrian erantzuna beti ikaragarria izan da”
- “Érase un sueño” diskoarekin zure esperientziak publikoarekin partekatzen dituzu...
Nire abestien bidez, nik edo-ta nire ingurukoek bizi izan ditugun istorioak kontatzen ditut. Arrastoa lagatzen duten esperientziak isladatzen ditut abestietan, ipuinek liburuetan bezala, denboran zehar iraun dezaten.
- Zein da jendearengana iristeko modua?
Ez daukat ideiarik ere. Uste dut inork ez daukala klabea. Nik egin dudan gauza bakarra, azkeneko bi urteetan gertatu zaizkidan gauza on guztien aurrean naturaltasunez jokatzea izan da. Gogor lan egin dut, gozatu egin dut eta daukadan onena jarri dut. Besterik ez.
- Zerekin amesten zuen Paula Rojok 12 urte zituenean?
Zoriontsua izatearekin eta nire gurasoak nitaz harro egotearekin amesten nuen. Musika ez zegoen nire ametsen artean, eskuraezina ikusten nuen. Baina duela bi urte amets egitera ausartu nintzen eta nire buruari aukera bat eman nion.
- Telebistako “La Voz” programan eman zenuen ezagutzera zeure burua. Nolako balorazioa egiten duzu?
Sekulako aukera izan zen niretzat. Esperientzia ahaztezina izan zen, baina eman nahi nuenaren %5-a baino ez nuen eman. Urduritasuna, presioa eta esperientzia falta izan zien nire arerio nagusiak.
- Nola iritsi zinen “La Voz”era?
Bihozkada batek bultzatuta iritsi nintzen “La Voz”era. Egun batetik bestera castingean “online” eman nuen izena, eta probetara inolako presiorik gabe joaten hasi nintzen. Ez nuen gauza handirik espero. Baina gauza bat garbi dago: nire bizitzan lehenengoz nire buruari aukera bat eman behar niola sentitzen nuen. Uste dut guztia patuaren ondorioz gertatu zela.
- Zer esango zenieke talentudun gazteei?
Musika ez lagatzeko esango nieke. Eta instrumentuak jotzeko, nahiz eta modu profesionalean ez izan. Gehienbat esperimentatzeko eta sormena lantzeko, eta horrela berezko nortasuna lortzeko. Nortasunean eta pasioan konfidantza izateko esango nieke, eta guzti hori jendearekin partekatzeko. Nik akats handia egin nuen: lotsagatik edo segurtasun faltagatik ez nuen nire pasioa konpartitu eta oraindik damutu egiten naiz.
- ¿”La Voz” bezalako lehiaketetan parte hartzera animatuko zenituzke?
Jakina!!! Esperientziarik, kontakturik eta baliabiderik ez duen pertsona batentzat aukera bakarrenetako da. Gainera, esperientziak barrutik aberastu egiten zaitu: norberak bere burua ezagutzeko lagungarria da.
- Zer eskainiko diezu Coliseoan abenduaren 26an izango direnei?
Nire bizitza nire abestien bitartez partekatuko dut, besterik ez. Eszenatokiaren gainean sentitzen dudan poza eurei transmititu nahi diet. Etorriko direnak eroso eta gustora egotea espero dut. Nirekin batera Lisardo Prieto (bibolina) eta Alvaro Bárcena (gitarra) izango dira. Biak Dixie Band-eko kideak dira. Nire familia musikala: zaindu egiten naute, elkarrekin barre egiten dugu, dena konpartitzen dugu. Asko maite ditut eta amets hau nirekin batera bizi nahi izateagatik eskerrak ematen dizkiet.
- Nolakoa da Euskal Herriko publikoa?
Zatar gelditzen da hau esatea, baina, egia esan, Euskal Herriko publikoa nire gustokoenetarikoa da. Euskal Herrian egon naizenean erantzuna ikaragarria izan da, benetan, eta ez dakit zergatik... Baina hori da azken finean musika: magia, arrazoi jakin bat gabe sortzen den lotura.
- Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean?
Gogo handiz dihardut bigarren diskoa prestatzen. Udaberrirako kalean egotea espero dut, eta harri eta zur utziko zaituztela aurreratu dezaket. Ondo azterturako eta landutako aurrerapausua da.