"Paziente bizia" programa urtarrilean itzuliko da Untzaga GIzarte Etxera

"Paziente bizia" programa urtarrilean itzuliko da Untzaga GIzarte Etxera
2023/12/20 10:28
eta kitto!

Urtarrilaren 17an, asteazkena, arratsaldeko 16:00etan, Osakidetzako PAZIENTE BIZIA programaren tailerrak itzuliko dira Untzaga Gizarte Etxera . Oraingoan landuko den tailerrak "Nire ongizate emozionala zainduz" goiburua darama. "Otsailean programaren aurkezpena egin genuen, eta azken hiruhileko honetan "Nire osasuna aktiboki zaintzen" tailerra izan dugu", azaldu digute Untzaga Gizarte Etxetik. Urtarrilean eskainiko den "Nire ongizate emozionala zainduz"  tailerrak oso emaitza onak izan ditu  beste hiri batzuetan. "Hori dela eta Untzagan eskaintzea erabaki dugu", diote.


Tailerra doakoa da eta Osakidetzako teknikariek gidatuko dute. Untzaga Gizarte Etxeko arduradunek azaldu digutenez, "tailerra 2 ordu eta 30 minutuko saioetan egiten da, astean behin, 7 astez. Aldez aurretik, programaren informazio-saio bat emango da, 1.5 ordukoa. Untzaga Gizarte Etxeko Urko aretoan izango da". Saio horietan emozioak modu egokian ezagutzen eta kudeatzen lagunduko duten tresnak ikasi eta praktiketan jarriko dira," haiekin ahalik eta ondoen bizi ahal izateko".


Plazak mugatuak dira, eta izena emateko, bulegotik joan zaitezkete astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara. Bestela, 943203320 telefonora deitu, edo Whatsapp 657155551 zenbakira edo actividades@jubiletxeuntzaga.com helbidera idatzi daiteke.