Pedro Egiguren “Izkua” aizkolari-ohia hil da
Pedro Egiguren Larrañaga eibartarra hil da 86 urterekin. Otaola-Kiñarraga bailarako Eizkoaga baserrian jaio zen eta bertan bizi zen. Bere aldeko hileta-elizkizuna bihar egingo da, Karmengo parrokian, arratsaldeko 19.00etan hasita. 14 urterekin hasi zen aizkoraren munduan eta 62rekin erretiratu zen, Arrateko On Pedro Gorostidi apaizari eskainitako omenaldian. Esku bakarrarekin egindako lanetan nabaritu zen batez ere eta garaipen entzutetsuena Arria II.aren aurrean lortu zuen, kanaerdiko hamar enbor moztu eta gero. Harri zilindrikoarekin ere jardun zuen harri-jasotze lanetan. Arlo instituzionalean, bestalde, Kirol ordezkaria eta zinegotzia izan zen Eibarko Udalean. ...eta kitto!-k antolatzen duen Eibarko Kirol Sarien barruan, 2004ko edizioan berak jaso zuen urte hartako Sari Berezia.