Pello Berrizbeitia Munduko Txapelketan parte hartzeko lehen hautaketan sartu dute

Long Trail modalitatean aritzekoa da hilaren 27an Canfrancen (Huesca) jokatuko den lehiaketan
Pello Berrizbeitia Munduko Txapelketan parte hartzeko lehen hautaketan sartu dute
2025/09/10 10:30
eta kitto!

Espainiako Atletismo Federazioak Pello Berrizbeitia sartu du hilaren 27an, Canfrancen (Huesca), jokatuko den Trail eta Mountain Running Munduko Txapelketako lehen hautaketan. Eibarko Klub Deportiboko kidea Long Trail proban (82 km) parte-hartzeko hautatu dute José Ángel Fernández “Canales”, Julen Calvo, Manuel Anguita, Claudio Díaz eta Abel Carreterorekin batera.

Maiatzean Domusa Teknik 40 MLK ultra trailean bigarren postua eskuratu ondoren, Berrizbeitiak Munduko Txapelketan lehiatzeko txartela lortu zuen eta orain, José Peiró hautatzailearen deia jasota, maletak egin ditzake Canfranera joateko.

Munduko Txapelketako Long Trail proban 82 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek, 5.413 metroko desnibela gaindituz. Tartean, La Moleta (2.572 m), Pico Royo (2.372 m) eta La Tuca (2.278 m) mendiak pasa beharko dituzte, besteak beste.