Pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko soldatarekin parekatzea da pentsiodunen helburu nagusia
Une honetan, eskaera garrantzitsuena pentsioak, gutxienez, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren parekoak izatea da. Nafarroan, osagarri baten bidez, pentsio guztiak gutxienez 1.034 eurokoak izatea bermatzea lortu dute, eta gauza bera nahi dute Euskal Autonomia Erkidegorako. Asmo horrekin, hain zuzen, sartu dute hori eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea Gasteizko Legebiltzarrean, baina ekimena babesten duten 10.000 sinadura aurkeztea eskatu diete pentsiodunei. Eibarren aste honetan hasi dira sinadurak biltzen, eta datozen asteetan ere hala egingo dute, astelehenero Untzagan egiten dituzten kontzentrazioetan. Ekimen horrek aurrera egitea benetan garrantzitsua dela nabarmendu dute beste behin, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte beraien sinadurarekin babestera.