Pentsiodunen zortzi urteko borroka ospatzeko manifestazioa egingo da urtarrilaren 17an

Zapatuko manifestazioa 12:00etan irtengo da Untzagatik eta, ondoren, herri bazkaria egingo da Errebalen. Bazkarirako tiketak Guridin daude eskuragarri.
Pentsiodunen zortzi urteko borroka ospatzeko manifestazioa egingo da urtarrilaren 17an
2026/01/12 13:33
Silbia Hernandez Arrazola

Urtarrilaren 15ean zortzi urte beteko dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua hasi zela eta, zortzi urte hauetako borroka gogoratzeko, Eibarko Pentsionisten Taldeak manifestazioa deitu du urtarrilaren 17rako (zapatua). HEL aurrera. Pentsio duinak guztientzat goiburuari jarraituta egingo den mobilizazioa Untzagan hasiko da, 12:00etan. Ondoren, 14:30ean herri-bazkaria egingo da Errebal Plazan 
Eibarko pentsionisten taldetik adierazi dutenez, “2018ko urtarrilaren 15 hartan, pentsiodunok nahikoa dela esan genion PPk lau urtez ezarritako pentsioen murrizketei. Murrizketa horiek erosteko ahalmenaren galera eragin zuten, eta egoera hori onartezintzat jo genuen. Urte berean, pentsioen %0,25eko igoera lotsagarria haustea lortu genuen. Era berean, pentsioak blindatzeko eta Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan mantentzea bermatzeko aldarria bizirik mantendu genuen, eta hori azkenean 2021eko abenduan lortu zen, pentsioen balio-eguneratzean KPIaren aplikazioa bermatuz”. 
Zortzi urte hauetako borrokari esker aurrerapauso batzuk eman badituzte ere, argi daukate oraindik ere borrokatzen jarraitu beharko dutela, “milaka pentsiodunen egoera konpontzeko, bereziki emakumeen kasuan, genero- arrakalaren ondorioak jasaten jarraitzen baitituzte. Arazo larri horri aurre egiteko, EAEko pentsiodunen mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, 142.000 babes baino gehiago bildu zituena. Hala ere, EAJk eta PSEk baztertu egin zuten, parlamentuan eztabaidatzeko aukerarik eman gabe. Gure proposamena onartu izan balitz —pentsio baxuenak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea—, 100.000 pentsiodun ingururen egoera konponduko litzateke, gehienak emakumeak. Zortzi urteko mobilizazioen ondoren, pentsiodunen mugimendutik konbentzituta jarraitzen dugu, lortutako garaipenak gorabehera, kalean jarraitu behar dugula gure eskubidetzat jotzen duguna aldarrikatzen: pentsio duina denontzat, oinarrizko beharrak estaliz hil amaierara iritsi ahal izateko”. Pentsiodunek manifestazioaren ondoren egingo den bazkarira joateko deia egin dute: “Guztion presentzia izatea gustatuko litzaiguke. Txartelak Guridi tabernan erosi daitezke”.