Pertsona nagusiekin arreta psikosoziala lantzeko programa garatuko dute nagusien lau zentroetan
Programa zaurgarritasun-egoeran dauden adineko eibartarrei zuzenduta dago. Nagusiki laurogei urtetik gorakoentzat da, “baita 65 urtetik gorakoentzat ere, baldin eta isolamendu edo bakardade egoeran badaude, edo teknikariek hala gomendatuz gero. Ez dago pentsatuta narriadura kognitiboa duten pertsonentzat, baina programan aspalditik parte hartzen ari den erabiltzaileren bat sintomak izaten hasten bada, jarrai dezake parte hartzen, baldin eta jarraitzeak on egingo diola ikusten bada”.
Azaldutakoaren arabera, pertsona bere osotasunean hartuz landuko da estimulazioa, alegia, maila sozialean, kognitiboan, fisikoan eta afektibo-emozionalean. Horretarako, lau jarduera ezberdin egingo dira: eguneroko albiste, esperientziak eta abar komentatzea; oreka, koordinazioa-eta hobetzeko estimulazio fisikoa; erlaxazioa eta arnasketa; eta memoria, orientazioa, hizkuntza, kalkulua, arrazoiketa eta abar lantzeko estimulazio kognitiboa.
Zerbitzua doakoa da, eta urritik ekainera arte izan arren, interesdunak ikasturtean zehar ere sartu ahalko dira. Programa Eibarko nagusien lau zentroetan garatuko da: horietako bakoitzean bi saio egingo dituzte astean, bakoitza bi ordukoa. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, edo izena emateko, Gizartekintzara joan daiteke (Portaleko 4. Solairuan), 943 70 84 40 telefono zenbakira deitu, edo mezua idatzi gizartekintza@eibar.eus helbidera. Horrez gain, Eibarko lau jubilatu etxeetara eta osasun-zentroetara ere jo daiteke.