Pertsona nagusien aldarrikapenak Eibarko kaleetan zehar entzun dira
AGIJUPENS (Erretiratu eta Pentsiodunen Gizarte Zentroen Gipuzkoako Federazioa), Eibarko Duintasuna, Eibarko Pentsionisten Taldea, Eibarko Emakume Pentsionistak, Berrarmatzearen Aurkako Intsumisoak, Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik ez taldeek deituta egin zen Debabarrena mailako mobilizazioa. Amaieran Untzagan irakurritako komunikatuan hainbat aldarrikapen egin zituzten eta, nabarmendu zutenez, “duintasuna ez da oparitzen, bermatu egiten da. Eta, duintasunari buruz hitz egiten dugunean, bidezko pentsioei buruz hitz egiten dugu, kalitatezko osasun publikoari buruz, pertsonak lehenak diren egoitzei buruz, ez enpresa onurei buruz. Hemen gaude arlo publikoan sinisten dugulako. Badakigu osasuna, pentsioak eta zaintzak pribatizatzen direnean, galtzen lehenak gu garela”. Horrekin batera, gerra guztien kontra azaldu ziren eta, amaitu baino lehen, herritar guztiak deitu zituzten domekan, urriaren 12an, Eibar Palestinarekin taldeak antolatuta 12:00etan Untzagatik irtengo den manifestazioan parte hartzera.