Pertsona nagusien eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute herriko hainbat taldek urriaren 4rako
AGIJUPENS (Erretiratu eta Pentsiodunen Gizarte Zentroen Gipuzkoako Federazioa), Eibarko Duintasuna, Eibarko Pentsionisten Taldea, Eibarko Emakume Pentsionistak, Berrarmatzeen Aurkako Intsumisoak, Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik ez elkarte eta taldetako ordezkariek deitu dute urriaren 4an Eibarren egingo den manifestazioa. Mobilizazioa antolatzeko bilera irekia egin zuten atzo arratsaldean, Untzaga gizarte zentroan, eta bertan adostu zituzten egun horretarako aldarrikapenak: pentsioetan genero-arrakalarik ez egotea; gutxieneko pentsioa lanbideen arteko gutxieneko soldataren parekoa izatea; kalitatezko osansungintza publikoa; gerrarik ez egotea; eta gastu militarrak Gizarte Zerbitzuetara bideratzea. Jarraian, manifestaziorako deiarekin batera egin duten komunikatua osorik irakurri dezakezue.
ADINEKOEN ESKUBIDEEN ALDE – MANIFESTAZIOA EIBARREN
Urriaren 4an, berriro gogoraraziko diegu Administrazio Publikoei adinekoen eskubideak. Eibarren berriz aterako gara kalera, gure aldarrikapenak entzun daitezen eskatzeko.
Aurten, deialdi honi atxiki gatzaizkion kolektiboek argi daukagu populazioaren zati handi batek bizi duen egoeraren larritasuna, eta irmoki salatu nahi dugu.
Gure aldarrikapenak:
- Pentsio duinagoak. 100.000 pertsona inguru ez dira 1.000 euroko pentsiora iristen; horietatik 70.000 emakumeak dira.
- 145.142 sinadura bildu arren pentsio minimoa batez besteko soldatarekin parekatzeko, Gasteizko Gobernuak ez du onartu Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea tramitera eramatea. Herritarren babes zabala duen proposamena eztabaidatzeko eskubidea ukatzea ekintza antidemokratikoa eta onartezina da.
- Pentsioetan genero-arrakalarik ez. Bereziki larria da adin aurreratuan, arreta eta zaintza behar handiagoak direnean, emakume asko pobreziaren arriskuan utziz.
- Salatzen dugu, halaber, 40 urte edo gehiago kotizatu arren, pentsio zigortuak jasotzen jarraitzen duten pentsiodunen egoera bidegabea.
- Osasun publikoari dagokionez, aldaketa-iragarpenak eta partaidetza-batzordeak sortu arren, ez da aurrerapausorik ikusten. Eusko Jaurlaritzak ez du bidezkotu azken urteetan egindako pribatizazio-politika. Itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira eta arreta gero eta kaskarragoa.
- Halaber, salatzen dugu osasunean eta pentsioetan murrizketak egiten diren bitartean, gastu militarra ehunka miloi eurotan handitzen dela.
- Gizarte-zerbitzuetan inbertitu behar dela: hezkuntzan, osasun publikoan, egoitzen hobekuntzan eta, jakina, pentsioetan.
Pentsiodunen mugimendutik badakigu gure agintariek estrategia bat dutela: anestesia-politika bat, injustizia hauek normaltzat har ditzagun. Baina aurten aski dela esaten dugu: konformismo faltsu hori hautsi eta gure ahotsa altxatu nahi dugu, prekarietatearen eta bidegabekeria sozialaren aurka.
Herritar guztiak manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu: urriaren 4an Untzaga plazatik abiatuko da, 12:00etan. Manifestazioaren ondoren, herri-bazkaria egingo dugu udaletxeko arkupeetan. Txartelak Guridi tabernan eskuratu daitezke. Zure presentzia oso garrantzitsua da gure eskubideak defendatzen jarraitzeko!
AGIJUPENS- EIBARKO DUINTASUNA- EIBARKO PENTSIONISTAK- EIBAKO EMAKUME PENTSIONISTAK- BERRARMATZEEN AURKAKO INTSUMISOAK- EIBAR PALESTINAREKIN - EIBARKO GERRARIK EZ.
GOBERNA DEZALA NORK GOBERNA, PENTSIOEN ETA OSASUN PUBLIKOAREN ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DIRA!!!