Eibarko EAJ-PNVk eta PSE-EEk elkarrekin gaitzetsi dituzte udaletxeko fatxadako pintaketak

Bi udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu dute, eta gertatutakoa argitzeko eskatu dute.
Eibarko EAJ-PNVk eta PSE-EEk elkarrekin gaitzetsi dituzte udaletxeko fatxadako pintaketak
2026/07/03 12:08
Irati Alvarez Malaxetxebarria

EAJ-PNVko eta PSE-EEko udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu dute gaur goizaldean Eibarko Udalaren fatxadan egindako pintaketak gaitzesteko.

Bi alderdiek adierazi dutenez, horrelako ekintzek ez dute udal eraikin bati bakarrik eragiten, eibartar guztiak ordezkatzen dituen erakunde bati ere egiten diote eraso. Horregatik, pintaketak irmo gaitzetsi dituzte.

Era berean, nabarmendu dute desadostasun politikoa eta adierazpen askatasuna zilegi direla gizarte demokratiko batean, baina ez dutela justifikatzen ondare publikoa kaltetzea edo larderia eta enfrentamendua bilatzen duten ekintzak egitea.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk, gainera, edozein bandalismo eta hertsapen mota baztertu dituzte, eta espazio publikoak errespetatzeko deia egin dute. Halaber, gertakariaren ondorioei aurre egin beharko dieten udal langileei babesa adierazi diete.

Azkenik, bi udal taldeek espero dute Ertzaintzak gertatutakoa argitzea eta dagozkion erantzukizunak zehaztea. Era berean, elkarbizitzaren, erakundeekiko errespetuaren eta balio demokratikoen aldeko konpromisoa berretsi dute, desadostasunak elkarrizketaren eta bide demokratikoen bidez bideratu behar direla azpimarratuta.