PloneConf 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoa egingo da Eibarren urriaren 2tik 8ra

PloneConf 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoa egingo da Eibarren urriaren 2tik 8ra
2023/09/20 11:34
eta kitto!
Software librean oinarritutako Plone plataformaren 2023ko urteko batzarra (PloneConf) Eibarren izango da, urriaren 2tik 8ra.  Mundu mailako topaketa izaten da, eta aurtengoa CodeSyntax enpresa eibartarrak antolatu duenez, Eibarren egingo da (Markeskua Jauregian eta Coliseoan). Plone software librearen arloan erreferentziazko CMS bat da, web edukiak kudeatzeko sistema bat, eta Python programazio hizkuntzan oinarrituta dago.

Lehenbiziko PloneConf New Orleansen (AEB) egin zen 2003an, eta 20 urteren buruan Euskal Herrian izango da Viena, Washington DC, Berlin, Napoli, San Francisco, Tokyo edo Brasilia bezalako hiriak bisitatu ondoren.

Konferentziaren muina (hitzaldiak), Coliseoan izango dira, urriaren 4, 5 eta 6an. Markeskuan ikastaroak eta formazioa eskainiko da urriaren 2 eta 3an, eta Plone tresnaren garapen berriak egingo dira 7 eta 8an, baita Markeskuan ere.

Plone softwarearen inguruko hitzaldi, lantegi eta abarrez gain, konferentzia hauetako bakoitzean zuzenean CMS honekin zerikusia izaten ez duen keynote edo hitzaldi nagusi bat izaten da. 2023koa Olatz Perez de Viñasprek emango du, informatikari euskalduna, irakasle eta ikerlari dena EHUren Informatika Fakultateko IXA taldean eta Hitz hizkuntza teknologien zentroan.

Erabiltzaileei zuzendutako doako saio Coliseoan
PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoaren barruan. erabilera kasuak biltzen dituen tokiko saioa antolatu dute urriak 6rako, barixaku goizean, erabiltzaileei eta interesdunei zuzenduta: eleaniztasuna, segurtasuna, irisgarritasuna, abiadura eta malgutasuna CMS edo Interneteko edukiak kudeatzeko sistemetan. Coliseo antzokian egingo da.  Saioa euskaraz izango da eta ULMA Construction, ULMA Packaging, Kitconcept GmbH, EKE, Euskal Kultur Erakundea, UEU, Copernicus EEA Europako Ingurugiro Agentzia... eta beste batzuk hartuko dute parte.PROGRAMA OSOA HEMEN