Poesía… eres tú: “Pertsona nagusiak gara eta poesia oso lagungarria izan da guretzat pandemian zehar”

Poesía… eres tú: “Pertsona nagusiak gara eta poesia oso lagungarria izan da guretzat pandemian zehar”
2021/05/21 08:19
eta kitto!
Poesía... eres tú’ taldeko Mº Jesús Sáez, Mari Pérez, Mariaje Murillo, Elisa López eta Araceli Bonok zainetan daramate poesia eta han eta hemen erakutsi dute (martitzenean Bilbon izan ziren lehiaketa batean, adibidez). Maite Lorenzorekin ikasi ondoren, orain euren kabuz dabiltza, ezerk ez dituelako gelditzen. Facebooken taldea sortu dute euren pasioa zabaltzeko.

 

Noiztik dihardu martxan ‘Poesía... eres tú’ taldeak?

LÓPEZ: Taldeak aspalditik funtzionatzen du, baina kontua da orain arte Maite Lorenzorekin ibili garela eta pandemia hasi zenean berarekin klaseak eten behar izan genituela, eta gure kabuz jarraitu dugula. Poesia asko maite dugu eta ez genuen hori galdu nahi. Nagusiak gara eta poesia oso lagungarria izan da pandemian zehar. Beraz, zerbait hasi baino, zerbait jarraitu dugu.

 

Nola moldatzen zarete irakasle barik?

LÓPEZ: Batak besteari laguntzen dio eta taldean ez dago inolako hierarkiarik. Ondo moldatzen gara horrela. Izan ere, sasoi nahasi honetan pare bat errezitaldi eskaini ditugu eta Facebooken taldea sortu dugu bideoak jartzeko.

 

Nolako olerkiak errezitatu zenituzten Bilboko lehiaketan?

LÓPEZ: Batetik, parte-hartzaile guztiek Angela Figueraren ‘Difícil’ izeneko sonetoa errezitatu behar zuten; eta bigarrenik, bakoitzak nahi zuen poesia errezitatu zezakeen. Hori bai, aukeratutako olerki hori aurretik argitaratua izan behar zen, nahita nahiez. Nik Araceli Bono kidearen ‘La puerta’ errezitatu nuen, hain ezagunak ez diren poeten lanak entzunarazi nahi nituelako. Klasikoetatik asko ikasi behar da, baina ezezagunei ahotsa eman behar zaie.

 

Araceli, nola hartu duzu Elisak zure olerki bat aukeratu izana?

BONO: Aparta iruditzen zait, ilusio handi egiten dit horrek! Ez da nire olerki bat errezitatzen duten lehen aldia, liburu bat kaleratu dudalako.

 

Gustora ibiltzen zarete lehiaketetan?

BONO: Ez da lehiaketa honetan parte hartu izan dugun lehen aldia. Izan ere, iaz gutako bat finalera iritsi zen, baina ezin izan zen joan gaixotu egin zelako.

 

Mari, zu zara taldeko nagusiena. Zurea da esperientziaren ahotsa?

PÉREZ: Gazte hauek edozer gauza egiten didate! (barreak) 84 urterekin, ni naiz guztien amama. Bromak alde batera lagata, talde honek bizitza pixka bat ematen dit, denbora gutxi dudalako etxetik irteteko.

 

Beti gustatu izan zaizu poesia?

PÉREZ: Txikitan eskolan eta mezetan zerbait egiten nuen, baina gero ez dut denbora gehiegirik izan, lau seme-alaba eduki ditudalako eta, gero, ama etxean gaixorik egon delako. EITBn lana egiten duen semeak animatu ninduen poesia klaseak hartzera eta hortxe nabil gazte hauekin gora eta behera.

 

Pozik zaude hartutako erabakiarekin?

PÉREZ: Poesia oso polita da, baina ez zaio kantxa handirik ematen. Gehiago bultzatu behar da, batez ere jende gaztearen artean. Taldearen ateak zabalik daude jende gaztearentzat.

 

Nolakoa da zuen ohiko jarduna?

PÉREZ: Astero elkartzen gara, barixakuetan, 17:00etan, Untzagako jubiletxean. Norbaitek izena eman nahi badu, ez dugu ezer kobratzen. Lehiaketetara joaten garenean eta horrelakoetan ordaindu behar da zerbait bakarrik.

 

Mariaje Murillo, zu hasiberria zara. Zer moduz hasiera?

MURILLO: Oso ondo! Publiko aurrean poesia errezitatzen dudan lehen aldiak izan dira eta abentura bat izan da niretzat. Ikasten nabil. Izan ere, olerkia irakurtzeaz gain, zentzua eman behar diozu. Taldekideek asko lagundu didate prozesu horretan.

 

Lehen aldian nola moldatu zinen publiko aurrean?

MURILLO: Nahiko lasai nengoen, egia esan. Beste taldekideek nik baino hobeto egiten dute, argi dago, baina poliki-poliki ikasiko dut. Eurek asko laguntzen didate. eta poesia irakurtzen eta errezitatzen duzun neurrian gehiago ikasten duzu. Hau ez da gure ogibidea eta gozatzea da kontua.

 

Mª Jesús Sáez, zuk hainbat urte daramatzazu taldean. Nolako garapena izan du taldeak?

SÁEZ: Hasieran 14 lagun biltzen ginen eta azken aldian 10 bat lagun genbiltzan, baina pandemiarekin jarduera eten zen, lokala txikia zelako eta ezin genituelako segurtasun-neurriak bete. Beraz, esan bezala, taldearen jarduna eten zen, baina guk taldetxo hau sortu genuen poesiarekin jarraitu ahal izateko.

 

Poesia errezitatzeaz gain, idatzi egiten duzue?

SÁEZ: Aracelik liburua argitaratu zuen eta nik ere olerkiak idazten ditut, baina inoiz ez dut ezer aurkeztu publikatzeko. Niretzat idazten dut, betidanik, asko gustatzen zaidalako. Barrutik irteten zaidana idazten dut, irteten zaidan moduan.

 

Nonbait ikasi duzu poesia idazten?

SÁEZ: Errezitatzen bai, Maite Lorenzok irakatsi zigulako, baina idazten inon ere ez. Poesia irakurtzen eta entzuten duzun neurrian, nola egin ikasten duzu. Gero, bakoitzak poesia egiteko bere modua izaten du, bere estiloa, poesia oso gauza pertsonala delako.