Poltsa konpostagarriak banatzeko makina ipini dute Urkizun

Poltsa konpostagarriak banatzeko makina ipini dute Urkizun
2015/10/19 00:00
eta kitto!
Debabarreneko Mankomunitateak poltsa konpostagarriak banatzeko makina ipini du Urkizun, Orbea kiroldegian. Eibarren poltsak banatzeko martxan dagoen bigarren makina da Urkizukoa, martxoaz geroztik Untzaga plazan (Arkupe tabernaren aldamenean) beste bat martxan dago eta. Zerbitzu berriaren harira egindako adierazpenetan, Arcadio Benitez Mankomunitateko presidenteak hondakin organikoak batzeko poltsa konpostagarriak erabiltzea ezinbestekoa dela gogorarazi du: "Zabor-poltsa ez konpostagarriak, normalak erabiliz gero materia organikoa kutsatu egiten da eta, beraz, poltsa egokiak erabili ezean, hondakinak bereizteko hartutako beharrak ez du ezertarako balio".
Makina biak erabiltzeko ordutegia ezarri dute: Orbea kiroldegikoa 07:30etik 21:30era erabil daiteke astelehenetik barixakura bitartean eta asteburu eta jaiegunetan; eta Untzagakoa, astelehenetik barixakura 06:30etik 20:30era eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, 06:30etik 14:00etara.
Bestela, erabiltzeko oso errazak dira: edukiontzi marroia zabaltzeko erabiltzen den txartela makinaren irakurgailura gerturatu eta zuzenean 22 poltsako biribilkia aterako da.
Makinetan ez ezik, Pegora herritarren zerbitzurako bulegoan ere jaso daitezke poltsak, goizez astelehenetik barixakura bitartean 08:30etik 14:30era eta arratsaldez, berriz, astelehen, martitzen eta eguaztenetan 15:30etik 19:00etara. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko Mankomunitatera, 943 700 799 telefono zenbakira deitu daiteke.