PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek Eibarren koalizio-gobernua osatzeko akordioa lortu dute
Alderdi bietako ordezkariek adierazi dutenez, “udalerriari egonkortasuna ematea da helburua, herritarren interesen defentsa indartuko duen gobernu indartsu eta eraginkor baten bidez”. Horrekin batera, gure hiriaren etorkizunera begira “funtsezko” proiektu nagusiak bilduko dituen “irismen luzeko adostasuna” lortzea nahi dute.
Bien arabera, hilabeteak eman dituzte bilerak egiten, ados ipini eta akordioa lortu arte. Proiektu eta ikuspegi ezberdinak izan arren, alderdi biek adostasunaren alde egitea erabaki dutela esan dute, “gobernu-talde egonkorra osatu eta, horrela, Eibar eta bere herritarren alde elkarrekin lanean aritzeko”. Legegintzaldiari geratzen zaizkion bi urte eta erdian Eibarko Udalean koalizioan agintzeko aukerarekin pozik azaldu dira, “Eibarrek dauzkan erronka garrantzitsuei heltzeko prest”.
Koalizio-gobernuaren buru Jon Iraola alkatea izango da. Ana Telleriak (PSE-EE) lehen alkateorde kargua beteko du, eta bigarren alkateordea EAJ-ko kide bat izango da. Horrela, tokiko gobernu batzarrera lau ordezkari sozialista eta hiru jeltzale batuko dira. EAJ-PNVren udal taldeak bere gain hartuko dituen ordezkaritzak, bestetik, honakoak dira: Berdintasuna, Gazteria, Euskara, Mugikortasuna-Trafikoa, Ingurumena eta Ego Ibarra. Gainerakoak sozialisten esku egongo dira.
Gaur aurkeztu duten akordioak udal gobernuaren gehiengo osoa bermatuko du, Eibarko Udalean dauden 21 zinegotzietatik 14 sozialistek eta jeltzaleek baitituzte (PSE-EEk 8 zinegotzi dauzka eta EAJ-PNVk 6).