Punk-rocka eta reggaea gaur iluntzean Amaña dantzan jartzeko

Mugi Panderoa, Xiberoots eta Boikot arituko dira gaur auzoko plazan
Punk-rocka eta reggaea gaur iluntzean Amaña dantzan jartzeko
2024/07/05 11:30
eta kitto!

Mugi Panderoak berotuko du gaur, 20:15etik aurrera, Amaña auzoa, gero etorriko dena ez baita nolanahikoa izango. Batetik, Xiberoots taldea izango dugu, Iparraldetik reggae doinuak ekarriz eta, gero, Boikot talde madrildarra. Euskal Herriko hainbatentzat ereserkiak diren abestiak sortu ditu ia 40 urte martxan daraman taldeak, eta amaiera bikaina emango dio gaurko gauari. Bihar, zapatu gaua girotzeko, Lisker talde eibartarra izango dugu.

 

Gaurko kontzertuak 23:00etan hasiko dira, Amañako plazan, eta Xiberoots igoko da lehendabizi eszenatoki gainera. Zuberoako taldeak 2018 hasieran kaleratu zuen bere lehen lana, ‘Maule muffins’ eta, harrezkero, reggae doinuak zabaldu ditu Euskal Herrian zehar. Berez, taldeak berak dioenez, “Euskal Herria eta bere hizkuntza dira Xiberoots taldearen izatearen abiapuntua. Hasierako ideia euskara hedatzea zen reggae musikaren bidez”.

Sei lagunek osatzen dute taldea eta, diotenez, “zale bakoitzaren influentzia lagun”, taldearen musika estiloa aldatzen joan da. Reggaeari soinu tradizionalak gehitu zizkioten: “beat elektro-popak, funky-transea, 70eko doinuak… hori guztia koherentziaz eta musikalki orekaturik”.

Lehen diskoaren ondoren, bigarrena etorri zen, 2021ean. ‘Honki Jina’ du izenburua eta Berritza elkartearekin egindako koprodukzioaren emaitza izan zen. “Bigarren diskoan taldearen izaera ageri da musikalki ere: bada melankolia, engaiamendua…; zinez eklektikoa da”, taldekideen berbetan. Lehen diskoa sortzeko egindako lanarekin alderatuz, Xiberootsekoek aipatu zuten lehenengorako hiru urtez ibili zirela lanean “baina disko bat egitea helburu eduki barik”; bigarren diskorako, ostera, bi urtez ibili ziren lanean eta bere kantuez soilik osatu zuten, bertsiorik gabe.

Bi diskoen artean, bestetik, zenbait gauza egin zituzten. Hala nola, 2018an Legorreggae Legorretako Reggae jaialdirako ‘Lego’ izeneko kantua aurkeztu zuten eta, urte berean, Basaburuako ikastolak 40 urte bete zituela ospatzeko ‘e i a’ kantua egin zuten. 2019an, Lapurdin burutu zen G7aren gailurraren kontrako ‘Flash Ball’ kantua sortu eta bideoklipa egin zuten. Eta 2021eko Herri Urrats festarako kantua ere prestatu zuten, ‘Baga Biga Boga’ izenekoa, Andoni Basterretxeak (Anestesia) lagundurik.

 

 

Boikot ginga jartzeko

Xiberootsen ondoren Boikot taldeak joko du Amañan. 40 urte inguruko ibilbidea egin eta gero, zer esan Madrilgo taldeari buruz? Euskal Herriko tabernetan hainbatetan entzun diren abestien sortzaileak dira, eta, rocka punkarekin eta ska doinuekin nahasturik, burua astintzeko eta dantza egiteko aukera emango dute.

Boikot 1987an sortu zen eta jatorrizko taldeko bi kidek jarraitzen dute oraindik: Juankarrek eta Alberto Plak. Beste taldekideak ‘Kosta’ Vazquez, Juan Carlos ‘Grass’ Zapata, Juan Antonio Rivas eta gure inguruan aski ezaguna den Xabi Arakama dira. Zegamarrak trikitixa jotzen du.

Boikotek 1990ean argitaratu zuen bere lehen diskoa: ‘Los ojos de la calle’. Harrezkero, beste 13 album etorri dira, tartean ‘Cría cuervos’, ‘La Ruta del Che’ trilogia, ‘De espaldas al mundo’, eta azkena ‘Balka acoustic’ izan da. Gainera, bideoak ere argitaratu dituzte taldearen historia eta zuzenekoak erakutsiz.

Hasierako urteetan oihartzun nabarmena lortu zuten Espainian eta ‘La Ruta del Che’ trilogiarekin Latinoamerikara egin zuten salto. Harrezkero, sarritan izan dira Argentina, Kuba, Kolonbia, Mexiko eta bestelako herrialdeetan kontzertuak eskaintzen. Baina ez hori bakarrik, Europan zehar ere euren doinuak entzun direlako. Horren erakusgarri da orain dela hilabete Polonian egon zirela ‘ZEW sie budzi’ jaialdian (Alemanian, Italian eta beste zenbait herrialdeetan ere izan dira), eta 2007an Mostarren (Bosnia) grabatu zutela ‘Amaneció’ diskoa hango hainbat musikarirekin.

Asian ere izan dira, Japonian zehazki. 2008an gertatu zen hori, eta bost kontzertu eskaini zituzten bertan. Gainera, aipatzekoa da Fuji Rock jaialdian hartu zutela parte Oasis, Weezer eta Franz Ferdinand bezalako taldeekin.

Doinuez gain, letrek eta abestietan igortzen dituzten mezuek berebiziko garrantzia dute Boikoten ibilbidean. Oso mezu sozialak jasotzen ditugu bere kantuen bitartez, eta horrela izan da ia 40 urteetan.