Queen-i eskainitako tributo bandaren kontzertua antolatu dute azarorako
Azaroaren 23an Dios Salve a la Reina, Queen taldeari eskainitako tributo taldeak kontzertua emango du Eibarren, Astelena frontoian, Udalak, Club Lambrettak eta Jai Productions enpresak elkarlanean antolatuta. Azken urteotan egindakoaren bidetik, San Andres jaien inguruan kontzertu berezia antolatu nahi izan dute eta oraingoan ekarriko duten ikuskizunari esker Freddy Mercury berriz taula gainean ikusteko aukera izango da, hil zela 22 urte beteko den egunaren bezperan. Emanaldia 23.00etan hasiko da, baina ateak ordubete lehenago, 22.00etan zabalduko dituzte eta sarreren aurresalmentari (22 euro) gaur bertan ekingo diote, Eibarren Portalea, Birjiñape, Trinkete, Caserio eta Terraza tabernetan; Elgoibarren, Lanbroan; Ermuan, Xaguan; eta Durangon, Gambrinusen. Horrez gain, Kutxabank-en ere erosteko moduan ipiniko dituzte. Antolatzaileek aurkezpenean esan dutenez, "jendea kontzertura joatera animatu nahi dugu, horrelako ikuskizunak herrian bertan ikusteko aukera gutxi izaten da-eta".