Quico Pugès, musikaria: “Berdin dio doinu bat noiz sortu den; orain entzuten badut, aktuala da”

Quico Pugès, musikaria: “Berdin dio doinu bat noiz sortu den; orain entzuten badut, aktuala da”
2021/01/22 09:56
eta kitto!
Joserra Senperena, Xabier San Sebastian, Beñat Gaztelumendi eta Quico Pugèsek ‘Loreak eta zauriak’ ikuskizuna ekarriko dute hilaren 29an Coliseora, Xabier Lete omentzeko disziplina arteko emanaldia. Pugès biolontxelo-jole kataluniarra Eibarren bizi da eta gogotsu dago herrikideen aurrean jotzeko.

 

Nolako ikuskizuna da ‘Loreak eta zauriak’?

Xabier Lete omentzen duen ikuskizuna da eta bere kantuak eta bertsoak entzun ahal izango dira. Abesti batzuetan Leteren formak eta letrak errespetatzen ditugu, baina beste batzuetan gure ekarpen berezia egin dugu. Horrela, entzungo diren bertso batzuk originalak izango dira, baina beste batzuetan Beñatek bere ukitua jarriko dio. Oso jolas polita egiten du. Adibidez, kasu batzuetan bertso originala hartzen du eta bere modura moldatzen du. Letek idatzitako letrak aktualitateko gaiekin lotzen ditu, jolas dibertigarria sortuz.

 

Nola moldatu zarete sasoi honetan ikuskizuna prestatzeko?

Oso arraroa izan da. Normalean, musikariak elkartu egiten gara, musika jotzen dugu, gauzak probatu, definitu, eta ikuskizuna fintzen goaz. Oraingoan, ordea, ezin izan dugu horrelakorik egin. Lehenik, taldea osatu genuen eta, gero, konfinamenduaren 2. fasean, beste herri batera joan ahal ginenean, Hernanin elkartu ginen zerbeza bat hartzeko eta bilera egiteko. Hainbat gauza zehaztu genituen eta gero, bakoitzak bere aldetik, egiturak, eskaleta eta abestien ereduak prestatu genituen, geure artean internet bitartez partekatuz. Irailean, toki batetik bestera mugitzeko aukera genuenez, entseguak egiteko elkartu ginen. Dena dela, oso egoera arraroa zen. Entseatzen genbiltzan, baina ez genekien zuzenean jo ahal izango genuen edo ez. “Kontzertuak programatu ahal izango ditugu? Agian datorren astean etxean konfinatuko gaituzte. Eta kontzertuak baditugu, nola prestatu ahal izango ditugu?”, pentsatzen genuen. Ziurgabetasun egoera bizi izan genuen.

 

Beno, azkenean ikuskizuna taularatu ahal izan duzue.

Bai! Nik beste modu batean bizi izan dut, aurretik ez nuelako Leterekin lotura esturik, baina beste taldekideek asko maite dute eta demaseko ilusioa zuten. Azkenean, ilusio hori kutsatu egin didate.

 

Honen aurretik Lete ezagutzen zenuen?

Ikuskizunean azaltzen dut proiektu honen aurretik ez nuela Lete ezagutzen, argi eta garbi. Hala ere, asko ulertzen dut nor den Lete eta berak adierazten duena, nire kulturaren eta historiaren barruan badaudelako beste Lete batzuk. Lluis Llach, Maria del Mar Bonet edo Ovidi Montllor, adibidez. Ez dut Lete ezagutu, baina ulertzen dut euskaldunek berarekin duten harremana.

 

Lete orain dela 10 urte hil zen, baina bere obrak bizirik dirau. Aktuala izaten jarraitzen du?

Nire ustez, musika entzuten den momentukoa da. Hau da, berdin dio doinu bat noiz sortu den, orain entzuten badut, aktuala da. Txeloarekin musika klasikoa jo ohi dugu eta, musikari handiek esaten duten bezala, aspaldi sortutako musika jotzen dugun momentuan musika hori aktuala bihurtzen da. Leteren kasuan, abestiak berak sortu ditu, baina agian zure amamak entzun eta kantuak bere sentitzen ditu. Obraren sortzailea Lete da, baina entzuleek bere egiten dute sorkuntza hori.

 

Quico Puges40

 

Nolako esperientzia bizi izan zenuen ‘Oso fan’ proiektuarekin?

Giorgio Bassmatti oso berezia da eta asko gustatzen zaio gauza ezberdinak montatzea. Tabakalera eta Katapultari esker beka bat lortu zuen proiektua sortzeko eta hirukotea sortu zuen bateria eta biolontxelo banarekin. Urtebete egon ginen martxan eta oso oroitzapen onak ditut.

 

Bestetik, ‘Tangram’ proiektua sortu zenuen. Zertan datza?

Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean lan gutxi neukan eta harreman-sarea ere urria zen. Beraz, momentu ona zen betidanik buruan izan dudan proiektua martxan jartzeko. Proiektuak bi adar ditu: artistikoa eta pedagogikoa. Niretzat txeloa musika egiteko tresna bat da, eta kitto. Horrela, ikuspuntu ezberdinak kontuan hartuz, gure hezkuntza musikala osatzen saiatzen naiz.

 

Umeekin eta helduekin egiten duzu lan?

Edonorrekin. Inprobisazioaren mundua asko gustatzen zait eta niretzat oso garrantzitsua da sortzailearen partea berreskuratzea musikan. Ondo dago musiko batek partituran dagoena jotzen jakitea, baina garrantzitsua da irakurtzen ari zarena ulertzea eta hortik abiatuta sortzea. Hau da, hizkuntza hartzea eta horrekin jolastea.

 

Beti izan duzu argi biolontxeloa jo nahi zenuela?

Biolontxelo-jolea baino gehiago, musikaria naiz. Txikitan argi nuen txeloa jo nahi nuela, baina familiak ez zuen nahi, handia eta garestia zelako (barreak). Amak irakasle batekin egin zuen berba eta esan zion berak lagako zidala txeloa. Horrela hasi nintzen, gaur arte.

 

Musikari dagokionez, ezberdintasunak ikusi dituzu Katalunia eta Euskal Herriaren artean?

Agian ez da polita esatea, baina nire ibilbidean ikusi dudanaren arabera, Kataluniako musika-eskoletan aukera zabalagoa dago. Garrantzitsua da musika-hezkuntzaren inguruan gogoeta egitea, kritikoak izatea eta buelta bat ematea. Hala ere, Euskal Herrian demaseko tradizio musikala dago eta jendeak asko abesten du. Pertsona bat abesten hasi daiteke eta berehala gehitzen zaizkio beste bi, ahots ezberdinak egiten eta ondo abesten gainera! Oso ezagutza musikal handiaren seinale da hori.

Quico Puges43