Ramon Agirre: “HEROIAK Ikusleengan samurtasuna sortzen duen antzezlana da”
- Zein da René, Gustav eta Fernanden istorioa?
Hiru protagonistak Frantzian Bigarren Mundu Gerran aritutako militarrak dira, baina orain, gerrako ondorioak jasan dituzten soldaduen zahar-egoitza batean daude; bata erren, bestea metraila zati bat buruan sartuta, eta azkenik ni, Gustav, agorafobiarekin, neure arazoetatik irten ezinda. Hika mikan, gerra garaiak gogoratuz,… Heriotzaren zain daude zahar etxean, hori baita haien hurrengo geltokia. Baina bat-batean egoitzatik ihes egitea bururatzen zaio Gustavi, gerrako espedizio bat izango balitz bezala. Nora eta Indotxinara! Beste biek ere bazuten ihes egiteko desira hori eta baiezkoa ematen diote proposamenari. Esan daiteke heriotzari egiten diotela ihes; badakite bertan geratuz gero zein izango den haien istorioaren bukaera. Zahartzaroan haurtzaroa berriz etortzen omen da eta hauek ere umeen portaera hartzen dute. Zalantzarik gabe xelebrea da ihesaldia.
- Nolakoa izan da gainerako aktoreekin lan egitea?
Kandido Urangak, Jose Ramon Soroizek eta nik urte asko daramatzagu honetan lanean eta maiz gurutzatu dira gure bideak. Sarritan egin dugu lan elkarrekin eta ongi ezagutzen dugu bakoitzaren jarduteko modua. Bakoitzak bere estiloa du baina erraza izan da.
- Zein uste duzu izango dela publikoaren erantzuna?
Bakoitzak modu batean biziko du obra hau, adinaren arabera edo gaiarekiko hurbiltasunaren arabera. Baina nork ez dauka amona edo aitona bat zahar-etxeren batean? Nori ez zaio adineko pertsona bat zaintzea tokatu? Azken finean edonorentzako gaia da. Bizitzaren azken etapa hau edozeinek ulertuko du. Dena den, ikusle guztiengan samurtasuna sortzen duen antzezlana dela uste dut. Umore klabean baina maitasun handiz egindakoa eta irribarrez ikusteko obra da.