Rodolfo Epelde: “Instrumentuarekin egindako elefante doinuak liluratuta aukeratu nuen tronpa”

Rodolfo Epelde: “Instrumentuarekin egindako elefante doinuak liluratuta aukeratu nuen tronpa”
2022/11/18 12:20
eta kitto!
Eibarko Musika Banda kalera irtengo da Santa Zezilia ospatzeko gaur gauean, 23:55ean. Serenata 01:00etan amaituko da eta eibartar guztiak bat egitera gonbidatzen dituzte. Domekan, ostera, kontzertu berezia eskainiko dute Coliseo antzokian, Rodolfo Epelde munduko tronpa-jole handiarekin joko baitute 12:30ean hasiko den saioan.

Rodolfo Epelde (Eibar, 1964) Espainiako Orkestra Nazionaleko tronpa bakarlaria da eta Reina Sofia Goi-Mailako Eskolako tronpa-katedrako irakasle-laguntzaile lanean dihardu. Goi-mailako kontserbatorio nazionaletan eta internazionaletan eskola magistralak eman ohi ditu, eta bertako zein atzerriko gazte-orkestra garrantzitsuenetako metalezko sailak prestatzen ditu, besteak beste.

 

Nolako kontzertua prestatu duzue domekarako?

Eibarko Musika Bandarekin solista bezala jo nuen azken aldia orain dela 15 urte izan zen. Espainiako Orkestra Nazionalarekin nahiko lanpetuta ibili naizenez, ez dut hona jotzera etortzeko aukera handirik izan, baina orain denbora gehiago dut eta kontzertu hau antolatzea pentsatu dugu. Tronparentzat eta bandarentzat aproposak diren obra indartsuak aukeratu ditugu errepertoriorako. Kontzertu ederra irtengo dela uste dut.

15 urte eta gero, zuretzat berezia izango da berriz herrian jotzea?

Bai, oso! Andoni Vazquez Eibarko Musika Bandako zuzendaria aspalditik ezagutzen dut Musikenenen egon delako, beste kide asko ere ezagutzen ditut nahiz eta eurekin asko jo ez dudan, eta elkarrekin aritzeko gogotsu nago. Gainera, Eibarrera etortzea beti da plazerra eta, horrez gain, Santa Zeziliako serenatan jotzeko aukera edukitzea demasekoa da. Asko gozatzeko asteburua izango da.

Areto handietan jotzeak duen zurruntasunetik eta exijentziatik aldentzeko balio dizu?

Orkestra Nazionalean 30 urte daramatzat, Bartzelonako Orkestran lau urte egon nintzen, munduan zehar birak egin ditut, baina etxera itzultzea beti da gustukoa. Ama iaz hil zen eta 96 urteko izeba dut Eibarren oraindik, eta Musikenera joan behar naizenean bere etxean geratzeko ohitura dut. Bestetik, koadrila ere Eibarren dago eta ahal dudanean eurekin egoten naiz. Beraz, bai, oso gustura jotzen dut jaioterrian.

Soinu-banda Kontzertua

Bandarekin azken kontzertua orain dela 15 urte jo zenuen, baina gogoratzen duzu noiz izan zen lehenengoa?

Ba begira, domekako kontzertuko kartelerako Eibarko Musika Bandarekin debuta egin nuen eguneko argazkia erabili dugu. Sasoi horretan uniformea erabiltzen genuen eta argazkian ikusten den txapela erabiltzen genuen kalejira egiteko. 12 edo 13 urte nituen bandan hasi nintzenean eta niretzat demasa zen eurekin jotzea. Solfeon nenbilen, baina musika-tresna bat jotzea beste gauza bat zen. Orduan, bandan sartu eta berehala hasi nintzen jotzen, 18 urterekin Madrilera joan nintzen arte. Bandarekin debuta egin nuenean plaka bat eman zidaten eta gordeta dut oraindik (marmolezko harri bat). Gero, orain dela 15 urte, Txopitea eta Pakea saria eman zidan Udalak eta demaseko ilusioa egin zidan.

Zergatik aukeratu zenuen tronpa jotzea?

Gauza bitxia da. 6 urte inguru nituela haize-boskotea entzuten nengoen (flauta, oboea, klarinetea, fagota eta tronpa) eta une batean bakoitzak bere musika-tresna jo zuen bakarka. Tronpa-joleak elefantearen soinua egin zuen eta horrekin liluratuta geratu nintzen. Esan nezake tronparen soinuak, bere musikaltasunak edo horrelako zerbaitek erakarri ninduela; baina elefantearen soinu horrek liluratu ninduen. Orduan, bandan sartu eta zein musika-tresna joko nuen galdetu nindutenean, tronparen oroitzapen hori nuenez, tronpa aukeratu nuen. Gero, musika-tresna ederra dela ikusi dut, arrisku handikoa, adierazgarria... maite dudan tresna da.

Bide luzea egin duzu ba tronparekin!

Bai! Madrilen Telekomunikazio Ingeniaritza ikasketak egin nituen eta, aldi berean, musika ikasten nuen. Egia esan, ez nuen pentsatzen musikaren munduan ibilbide profesionala egingo nuenik. Eibarko Musika Bandako kideek beste lanbide bat zuten eta bandak ematen zuen dirua txikiteorako erabiltzen zen. Nigandik hurbil ez nuen musikan bide profesionala egin zuen pertsonen adibiderik. Gero, txiripaz sartu nintzen Orkestra Nazionalean. Mateo Guilabertek esan zidan orkestra berri batentzat probak egiten zenbiltzala. Izena eman eta aukeratu egin ninduten. Mundu hori ezagutzen hasi nintzen eta zoragarria iruditu zitzaidan tronpa jotzeagatik paga jasotzea. Beraz, ingeniaritza ikasketak amaitu nituen, baina musikaren munduan ibilbidea egin ahal nuela ikusi nuen eta hortik jo nuen. Gustatzen zaidan horretan dihardut.

Espainiatik kanpo jarraitu zenituen musika ikasketak. Zergatik?

Orain dela 40 urte inguru Espainian ez zegoen maila handiko irakaslerik. Zekitena irakasten zuten, baina ez zeuden jantzita. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bati esker Hanburgon ikasi nuen urtebetez eta, gero, Versaillesen. Lan egiteko beste modu batzuk ezagutu nituen. Hemen ez geunden batere jantzita. Orain egoera aldatu egin da, beste herrialde batzuetan ikasketak egin dituzten musikariak etorri direlako klaseak ematera. Euren ikasleek bidea egin dute eta, horrela, jakintza handitu egin da.

Alemania edo Frantzia bezalako herrialdeetan balio gehiago ematen zaio ganbera-musikari?

Alemanian musika-instrumentuak jotzen duen jende gehiago dago. Eibarren, adibidez, banda dugu 40 lagun ingururekin, baina ez dago inor gehiago. Alemanian, aldiz, auzo txiki batean eliza bat dago eta sokazko orkestra du. Musikari bakoitzak bere lanbidea du, baina gero elizan elkartzen dira eta orkestrarekin jotzen dute. Jairen bat dagoenenan, beste musikari batzuk deitu (haizezko tresnak jotzen dituztenak, adibidez) eta kontzertuak eskaintzen dituzte. Jende askok daki musikatresnak jotzen eta hemen ez dago ehun musikal hori. Hanburgon, adibidez, hiru orkestra sinfoniko daude, eta ez da hiri erraldoia. Eta hori guztiari eusten publikoa dago, ganbera-musikak jarraipen handia baitu.

Atzerrian jasotako esperientzia hemengo musikariekin eta ikasleekin partekatu duzu, Musikenen esate baterako. Aurrerapausoak eman dira hemen?

Orain dela egun batzuk, adibidez, nire ‘birbiloba’ den ikasle batekin egon nintzen. Hau da, bere irakaslea nire ikaslea izan zen eta irakasle horren irakaslea ere ikasle izan nuen. Oso erraza da horrelako jendearekin lan egitea, oso ondo ulertzen dutelako irakatsi nahi diezuna. 40 urtetan jende asko joan da atzerrira ikasketak edo karrera musikala egitera eta gero itzuli egin dira, eta demaseko eboluzioa ikusi dut zentzu horretan.

Ohikoa da kanpora joatea musikaren munduan bidea egiteko?

Espainian ez dago orkestra askorik eta, baten bat jubilatzen bada, beste bat kontratatu ordez, bekadun bat hartzen dute astebeterako bakarrik, agian oporrak ez dizkiete ordaintzen... Ondorioz, Alemanian Espainiako musiko asko dago, maila oneko musikariak direlako. Adibidez, Gaztela Mantxako mutil batek Municheko orkestran solista postua lortu berri du. Goi-mailako postua da eta Espainian ez zuten inon ere hartzen.