Rosana Arana: “Taldearen edo nire laguntzagatik norbaitek onurak igartzen baditu, poz-pozik egongo naiz”

Rosana Arana: “Taldearen edo nire laguntzagatik norbaitek onurak igartzen baditu, poz-pozik egongo naiz”
2023/10/27 10:34
eta kitto!
Gizakiontzat ezinbestekoa da arnastea eta modu inkontzientean egiten dugu. Hartu eta bota, hartu eta bota. Nahi barik egiten dugu. Rosana Aranak, ostera, arnasteari garrantzia eman dio ‘Respiramos vida’ liburuan, Pagatxan ematen dituen tailerretako ariketak eta azalpenak hedatuz.

Rosanak 13 urte daramatza Pagatxa elkartean arnasketa-tailerrak eskaintzen eta ehun lagun inguru aritu dira bertan. Orain, parte-hartzaileek bultzatuta, bere jakinduria liburuan islatu nahi izan du eta Rubric argitaletxearekin publikatu du lana. Pagatxan edo Rosanarekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke, eta baita ‘Itxesi’ eta ‘Burbujas y mas’ dendetan ere.

 

Zer aurkitu dezakegu ‘Respiramos vida’ liburuan?

Eskuliburua da, praktikoa, Pagatxako arnasketako tailerretan egiten ditugun ariketak batu ditugulako bertan. Orain dela lau urte, tailerretan parte hartzen duten emakumeak hasi zitzaizkidan esaten klasean egindakoa liburuan jaso behar nuela, asko ikasten zutelako, arnasketekin oso ondo sentitzen zirelako, eta abar. Saiatuko nintzela esan nien, baina ez da bide erraza izan, tailerretan ez dudalako gidoirik jarraitzen, unean uneko egoerara egokitzen saiatzen naiz.

Nola moldatu zara, orduan, gauzak ordenatzeko eta liburuan argi lagatzeko?

Hori izan da zailena. Urtebetez, klaseak amaitzen nituenean, oharrak apuntatzen nituen. Poliki-poliki informazioa pilatu nuen. Gauza bat da ariketak ahoz azaltzea, baina idaztea beste kontu bat da, eta gero, irakurtzea. Jendeak ondo ulertuko zuen ala ez zen, hori zen nire ardura nagusia. Liburua maiatzean jaso nuen eta ikastaroa amaitu baino lehen tailerreko emakumeei erakutsi nien, eta ulertzen dela esan zidaten. Hori zen garrantzitsuena.

Testuaz gain, irudiak daude ulertzen laguntzeko?

Bai, badaude batzuk. Esan behar da, hasteko, ariketak Txinako medikuntza tradizionalean oinarritzen direla. Gorputzaren beste begirada bat hartzen dugu hortik eta errazago ulertzen ditugu hainbat gauza. Adibidez, orain, udazkenean, gure arnasketa jaisten hasi behar da, hau da, lasaitu. Udan bizi-bizi gabiltza, eta udazkenean, lanarekin eta abar, egoera aldatu egiten da, eta horrekin batera arnasketa ere bai. Puntuak erabiltzen ditugu arnasteko, baita zatiak ere, eta meridianoak eta puntu bereziak ezagutzen ditugu pixka bat. Ba azalpen horiek liburuan agertzen dira.

Arnasketa modu kontzientean egitea aipatu izan duzu. Baina nola?

Arnasketa kontzientea egiten hasteko, pauso batzuk eman behar ditugu. Batetik, arnasketari arreta eta intentzioa jarri behar dizkiogu. “Zer egin nahi dut?”, galdetzen diogu geure buruari. Adibidez, birikak ak tibatu nahi ditugu. Horretarako, eskuekin mugimenduak egiten ditut biriken inguruan eta, horren bidez ,burmuinak informazioa jasotzen du. Orduan, energia sortzen da arnasarekin, eta bero horrekin batetik bestera joaten gara.

Nolako onurak ekarri ahal dizkigu arnasketa kontzienteak?

Nik ikusten dut, hain gauza sinplearekin (ariketak oso erraz egitekoak direlako) Pagatxako emakumeak oso ondo sentitzen direla arnasketa hauek egin eta gero. Oso sentsazio onak izaten dituzte, lo egiteko orduan lagungarria da… Tailerretan hori ikusten dugu eta parte-hartzaileek kontatzen dute hori. Buruari ere ondo egiten dio arnasketa honek eta eguneroko gauzetan laguntzen digu. Beti entzun dugu “arnasa hartu” esaldia eta, bai, laguntzen digu gauzak egiteko orduan. “100era arte kontatu” ere esaten da. Guk kontatzen dugu, baina zenbakiek gure hemisferioetan zer egiten duten badakigu. Horrela, dakigunean, onurak datoz. Niretzat garrantzitsua da jendean aldaketak ikustea eta, nire edo taldearen laguntzagatik norbaitek onurak igartzen baditu, poz-pozik egongo naiz.

Denbora behar da aldaketa horiek igartzeko?

Batzuetan momentuan igartzen dira, baina beste batzuetan denbora behar da. Ikastaroa urritik ekainera arte egiten dugu eta denbora dugu gauzak garatzeko. Eguaztenetan elkartzen gara, 11:30ean, ordubetez, Kezka Dantza Taldeak Portalean lagatzen digun gelan. Eskerrak eman behar dizkiegu. Hamar lagun inguru elkartzen gara. Zenbaki ona da, 15 lagunetik gorako taldea gehiegizkoa izango litzatekeelako. Pertsona bakoitzak ariketak nola egiten dituen ikustea gustatzen zait, pertsonalizatzea. Ondo egoten da bakoitzak nola sentitzen den azaltzea, asko aberasten du. Klasean astea nola joan zaien galdetzen diet eta poliki-poliki sentitzen dutena azaltzen dute. Zoragarriak dira!

Lehenaren atzetik, baduzu bigarren libururik buruan?

Bai. Ideiak zurrunbiloan datoz eta joan den egunean titulua etorri zitzaidan burura: ‘Gizonezkoek ere arnasten dute’. Ekintza batzuetan emakumeak ikusten ditugu bakarrik: gure ikastaroetan eta beste ikastaro batzuetan, antzerkian, irakurketan… Ba gizonek ere arnasten dute. Noski. Zergatik ez? Eta titulu hori okurritu zitzaidan.