#SagardoEgunak zapatua beteko du
Bihar (zapatua, urriak 4) #SagardoEguna hartuko du Untzaga plazak, …eta kitto! Euskara Elkartearen ekimenez. Aurtengoa 21. edizioa izango da eta, azken urteotako martxari jarraituta, sagardoari eskainitako jaiak egun osoa beteko du: goizez, 12.00etatik 14.30etara egongo da martxan eta arratsaldez, berriz, 19.00etatik aurrera, sagardo guztia amaitu arte (edalontzien salmenta 18.30etan hasiko da).
Udaletxeko plazan ipiniko diren mahaietan Euskal Herriko Sagardo Gorenak-eko 13 sagardotegietatik (Alorrenea, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-Luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola, Zapiain eta Zelaia) ekarritako sagardoak edateko aukera izango da. Egunean zehar 60 lagunek jardungo dute beharrean, 2.340 sagardo botila banatuko dira eta pintxoak egiteko, berriz, 200 kilo txorizo eta 15 kilo gazta erabiliko dira. Sagardoa edatera gerturatutakoek bi tiket ezberdin erosteko aukera izango dute: 6 eurokoa (edalontzia, zapia, pintxoa eta nahi beste sagardo) eta 1'5 eurokoa (pintxoa: txorizoa edo gaztaia menbriloarekin).