Saharako errefuxiatuendako janaria batuko da hilaren amaiera arte
Eibar-Sahara elkarteak aditzera eman duenez, aurten ere martxan dago Saharako errefuxiatuei laguntzeko janaria batzeko kanpainia. Saharar Herriarekiko Elkartasunerako Euskal Elkarteek antolatutako "Sahararen Aldeko 9. Euskal Karabana: Piztu itxaropena kanpainiaren helburu nagusia Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuek elikagaietan dituzten premiak asetzea da eta behar dituzten produktuak Eibar, Elgoibar eta Ermuko supermerkatu gehienetan jasotzen dihardute. Betiko moduan, gehien eskatzen dituztenak arroza, pasta, lekaleak, azukrea eta hegaluzea zein sardinak (oliotan) dira, konpresekin batera. Lagundu nahi duenak hilaren 31ra arte izango du aukera. Diruz lagundu nahi duenarentzat Euskadiko Kutxan kontu korrontea dago zabalik (3035 0080 94 0800054177) eta informazio gehiagorako 619029648 telefono zenbakira deitu daiteke. Horrez gain, azken asteburuetan Untzagan eta Estaziño kalean izan dira Eibar-Saharako elkartekoak, bigarren eskuko liburuak saltzen eta bertatik lortutako dirua ere errefuxiatuei bidaliko diete.