Salvador González, Euskadi-Kuba Elkartea: "Gobernatzeko beste modu batzuk badaudela jakitea ez zaie komeni batzuei"

Salvador González, Euskadi-Kuba Elkartea: "Gobernatzeko beste modu batzuk badaudela jakitea ez zaie komeni batzuei"
2013/03/04 00:00
eta kitto!

- Hitzaldiaren izenburua "Kuba eta Venezuela: kontatzen ez dizutena" da. Zer da, ba, kontatzen ez diguten hori?
Hego Amerikan, prozesu baten ondorioz, Kuba eta Venezuela geziaren punta modukoak bihurtu dira, baina komunikabide handiek ematen duten informazioan beti oso kritiko agertzen dira hango gobernatzeko moduekin. Badago gobernatzeko beste modu bat, baina badirudi hori jakitea ez zaiela komeni. Horregatik, hitzaldian gobernatzeko zein modu dauden argitzen ahaleginduko gara.

- Zergatik diete horrelako beldurra gobernatzeko beste modu horiei?
Hasteko, yanki-ei ez zaielako komeni. Konfederazioa zuten eta Latinamerika eurendako atzeko patioa modukoa izan da. Baina aipatutako adibideek gobernatzeko modu horizontalagoa badagoela agerian laga dute.

- Eta nolakoak dira agintzeko modu horiek?
Venezuelan boterea behetik gora antolatu dute, batzorde komunalak eratu dituzte. Herritarrek bertan euren premiak zeintzuk diren esaten dute eta gobernuak horiek finantzatzeko moduak, baliabideak ematen dizkie. Finantza-errekurtsoak kudeatzeko banku komunala eta guzti sortu dute. Demokrazia modu ezberdinak daude: parte-hartzailea, ordezkatzailea eta zuzena, hau da, herritarrek zuzenean erabakiak hartzen dutena. Eta azken hori da herrialde horietan dagoena. Beste adibide bat ipintzearren: Kuban erreforma gobernutik behera etorri da orain dela gutxi, eta 12 milioi biztanletik 9 milioi biztanlek hartu du parte prozesuan.

- Nahiz eta alde negatiboak azpimarratzen ahalegintzen diren, argi dago hainbat kontutan beste toki askotan baino aurreratuago daudela, ezta?
Kuba oso nazio txikia da, baina boteretsuei beldur handia ematen dien solidaritatea eragiten du. Medikuntzan minbiziaren kontrako lau txerto garatu dituzte eta Amerikako Estatu Batuetan Kuban baino ume gehiago hiltzen da.

- Zergatik dago horrelako harreman sendoa Euskal Herria eta Kubaren artean?
Euskadi-Kuba elkarteak badaramatza hainbat urte martxan, ni neu bertara gerturatu nintzela hiruzpalau urte izan arren. Elkarteak hasieran ez zuen proiekturik garatzen, batez ere elkartasun politikoa adierazteko elkartea zen, baina azken urteotan nekazal inguru batzuetan kooperatibak sortzen joateko proiektuetan beharrean dihardugu. Beharbada, moduren batean antzerako izaera daukagu kubatarrek eta euskaldunek. Eta hizkuntzak ere garrantzia dauka: nahiz eta gure hizkuntza euskera izan, gazteleraz ondo moldatzen gara eta hori abantaila da, elkar ulertzeko arazorik ez dago eta.

- Zer daukagu euskaldunek kubatar edo venezuelarrengandik ikasteko?
Zabalagoak izaten, batez ere pentsakerari dagokionean. Adibidez, bertara joaten garenean eurek jainkoari buruz berba egiten dute sarritan eta guk, hemengo heziketa eta adibidearen eraginez, ba bestela ikusten dugu jainkoaren irudi hori. Baina iraultzaileek askotan jarduten dute jainkoaz berbetan eta guk lortu ez dugun batasun zabalagoa lortu dute. Ez bakarrik Kuban edo Venezuelan, baita Ekuador, Bolivia eta beste toki batzuetan ere. Mugimendu anitzekin denak elkartu eta mugimendu bateratua aurrera eramaten ikasi beharko genuke.