San Andres bertso-paper lehiaketako txapeldunak aukeratu dituzte
Epaimahaiko kideek jasotako lan guztiak aztertu eta gero, gaur bertan eman dituzte ezagutzera XIX. San Andres bertso-paper lehiaketako irabazleen izen-abizenak: nagusien mailan Jon Martin saritu dute eta, beraz, Oiartzunera joan da lehiaketako sari nagusia (300 euro eta txapela). Bigarren saria Julian Albisturrentzat izan da. Eta 16 urtetik beherakoen mailan, lehen saria (liburua eta txapela) Paul Agirrerentzat izan da eta bigarrena Jule Gisasolarentzat (liburua eta plaka). Irabazleek saria abenduaren 1ean jasoko dute, 18.00etan Portalean, San Andres bertso jaialdia hasi baino ordu lehenago bertso sarituak abestuko dituzte.
Bestalde, astelehenaz geroztik salgai daude …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako San Andres bertso-jaialdirako sarrerak, 5 eurotan, Sagar Bitza, Kultu eta Depor tabernetan. Aurten abenduaren lehen egunean egingo den jaialdiak Ez da kasualitatea izenburua dauka eta bakarrik emakumeek jardungo dute bertsotan: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Alaia Martin bertsolariek Amaia Agirreren esanetara jardungo dute, musikak lagunduta. Jaialdia 18.30etan hasiko da.