San Juan danborraden aurkezpena egin dute

San Juan danborraden aurkezpena egin dute
2016/06/21 19:58
eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Izarra elkartean aurtengo San Juanetan 88 urte beteko dituen danborrada. Antolatzaileen izenean Javier Zorrakinek azaldutakoari jarraituta, helduen danborradan 250 bat lagunek hartuko dute parte, 7 konpainiatan banatuta. Konpainietako batek, Amuategi izenekoak lehen aldiz jardungo du aurten: "40 bat lagunek osatu duten konpainiak atal bi izango ditu, bat danborrekin eta bestea barrilekin".
San Juan bezperako gauerdian, ekainaren 23tik 24ra bitartekoan Untzagatik abiatuko dira konpainia guztiak. Karrozan iaz 50 urte bete zituen San Andres ikastetxeko ordezkariak joango dira, Eibarko Musika Bandak lagunduta egingo duten kalejiran. Aurretik, baina, Untzagan 8 bat pieza joko dituzte, Jose Miguel Laskurain zuzendari artistikoak zuzenduta. Udaletxeko plazatik abiatuta, ordu bi eta erdi inguru emango dituzte herriko kaleetan zehar 15 bat pieza danborren erritmora jotzen.

Umeak San Juan egunean
Umeen danborrada, berriz, San Juan egunean irtengo da, 19.00etan, eta urtero lez, herriko haurrak Urkizutik Untzagaraino joango dira kalejiran, Oria eta Ustekabe fanfarreekin batera. Aurten ere herriko ikastetxe guztietako haurrek, Amañakoek izan ezik hartuko dute parte danborradan, 300 bat umek guztira. Umeen Danborrada Untzagara sartzean, 20:30ak aldera, Umeen Danborradako Danbor Nagusiak, San Andres eskolako Malen Casadok pregoia irakurriko du eta, jarraian, ilarak osatu eta alardea eskainiko dute.