San Juan juan zan

San Juan juan zan
2013/06/26 00:00
eta kitto!

Asteburu luzea izan dugu, amaitu dira Sanjuanak 2013. Azkenengo egunetan eguraldia lagun izan dugu eibartarrok eta ekitaldi ia guztiak izan dute eguraldi gutxienez ateria.
Era eta nahi guztiendako ekitaldiak izan ditugu: dantzak, kontzertuak, lehiaketak, bazkariak, jokoak, kirola eta abar luzea…
…eta kitto! aldizkariarendako, gainera, San juan jai bereziak izan dira. Gure XXV. urteurrena abenduan beteko dugula eta Udalak omendu gaitu, Badihardugu elkartearen ahotsak.com proiektuarekin eta Asier Cuevasekin batera. Dultzaineroen ongietorrian, San Juan suan eta Soka Dantzan parte hartze zuzena izan dugu, gustora gainera.
Baina, horrez gain, Bixamona, Sanjuanetako argazki bilduma berezia ere prestatzen izan gara. Ahal izan dugun ekitaldi guztietara ailegatu gara eta, argazkiak facebook-en jartzeaz gain (ikusteko egin klik hemen), datorren barixakuan zuen buzoian izango duzue Bixamona!
Konturatu orduko 2014ko Sanjuanak gainean izango ditugu, baina bitartean begiratu ditzagun argazkiak gaur arte bizitakoa gogoratzeko.