San Kristobalen oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko duten bide berria egingo dute

Jarduketa irailaren amaieran amaitzea aurreikusten da, auzoko asfaltatze-lanekin batera. Sei aste iraungo duten obrek oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea dute helburu.
San Kristobalen oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko duten bide berria egingo dute
2026/07/22 10:59
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak oinezkoei lehentasuna emango dien bidea egingo du San Kristobal auzoan. Jarduketaren helburua auzoko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzea da, herritar askok egunero erabiltzen duten ibilbidea egokituz.

Bidea auzoaren goiko aldetik Sostoatarren kaleko bidegurutzeraino egingo dute, Xania tabernaren pareraino. Lanen barruan, seinaleztapen berria jarriko dute, galtzada asfaltatu eta eskubanda bat instalatuko dute, oinezkoen joan-etorria seguruagoa izan dadin.

Udalaren esanetan, auzotar askok bide hori erabiltzen dute eskailerak saihesteko. Jarduketa amaitutakoan, oinezkoek lehentasuna izango dute ibilgailuen aurrean.

Obrek sei aste iraungo dute, aurtengo asfaltatze-programaren barruan egingo dira, eta irauten duten bitartean trafikoan eta aparkalekuan aldizkako eraginak izan daitezke.