San Pedro jaiek sanjuanei erreleboa hartuko diete
Bai bezperan eta bai egunean bertan, Karmen kaleko parkean egingo dira ekitaldi gehienak. Gaur (barixakua, hilak 28) eguerdiko toka eta igel-toka txapelketarekin hasiko da egitaraua eta arratsaldeko 17.00etatik aurrera jarraituko du. Gaurkoan umeak izango dira protagonista nagusiak: txokolate-janarekin hasi eta hainbat jokotan parte hartzeko aukera izango dute, tartean zaku-lasterketak, lapikoak apurtzen eta beste hainbat. Jardunari agur esateko, Gorriti bere abere txikiekin izango da, gaztetxoenen gozamenerako.
San Pedro eguna
Santuaren eguneko programazioa aproposagoa izango da helduendako. Karmengo parrokian egingo den eguerdiko mezan, Koru Gazteak abestuko du. Handik irtenda, bezperan tokan eta igel-tokan irabazi dutenek saria jasoko dute eta ondoren piskolabisa egongo da. Eta, 19.00etatik aurrera, musikak eta dantzak hartuko dute protagonismoa: Nathali eta Sebastian bikoteak emango dio hasiera espazio horri eta, jarraian, Kaleetan Kantuz-ekoen emanaldia izango da. 21.30etan, bestalde, Tukan taldearen doinuekin dantzaldia izango da egun horretan bizitza berezia izango duen Karmengo parkean.
San Pedroko konjurua
Urkizu eta Karmen kaletik urrunduta, hurrengo egunean, hilaren 30ean, meza eta konjurua egingo dira Akondia baserrian. Ekitaldian abadeak zelaiak bedeinkatuko ditu, uztak txingorretik-eta babesteko. Jarraian egitaraua osorik irakur dezakezue:
Ekainak 28, barixakua
12.00.- Toka eta igel-toka txapelketa. Karmen kaleko parkean.
17.00.- Umeendako txokolate-jana. Karmen kaleko parkean.
17.30.- Umeendako jokoak (lapikoak apurtzen, zaku-lasterketa…). Karmen kaleko parkean.
19.00.- Gorriti eta bere abereak. Karmen kaleko parkean.
Ekainak 29, zapatua
12.00.- Meza, Koru Gaztearekin. Karmengo parrokian.
12.45.- Toka eta igel-toka txapelketetako irabazleei sariak banatzeko ekitaldia. Karmen kaleko parkean.
13.00.- Piskolabisa.
16.00.- Eibarko Hiria XXIX. xake joko azkarrak, Jose Mari Kruzetaren Oroimenez. Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboa. Untzaga plazan.
19.00.- Nathali eta Sebastian bikotearen emanaldia. Karmen kaleko parkean.
20.00.- Kaleetan Kantuz-ekoen emanaldia. Karmen kaleko parkean.
21.30.- Dantzaldia Tukan taldearekin. Karmen kaleko parkean.
Ekainak 30, domeka
11.00.- San Pedroko meza eta konjurua. Akondia Baserrian.
14.30.- San Juan V. Waterpolo Txapelketa. Antolatzailea: Urbat I.K.E. Orbea kiroldegian.
16.00.- Eibarko Hiria XXVII. Bola-Jokoaren Finala, Casa de Cantabriak antolatuta. Ipuruako bolatokian.