San Pedrok hartu du jaien lekukoa
Sanjuanak agurtu eta jarraian, pare bat eguneko atsedenaldi laburraren atzetik, gaur (barixakua, hilak 27) jaia eta parranda bueltan dira, Karmen kaleko parkean asteburu osoan Beheko Tokia jubilatu etxekoen eskutik ospatuko diren sanpedroekin. San Pedro eguna berez domeka, hilaren 29 da, baina aurten asteburua tartean egokitu denez, barixaku arratsaldetik hasi dira jai-egitarauko ekitaldiak: 16.30etatik aurrera umeendako bereziki antolatutakoekin ekin diote programari, txokolate-janarekin hasi, lapikoak apurtzen, zaku-lasterketa eta beste joko batzuekin jarraitu eta Gorriti eta bere animaliekin amaitzeko.
Zapatuan, eguerdian hasi eta gaueraino eguna aspertu barik pasatzeko modua izango da Karmen alde horretan: 12.00etan toka eta igel-toka txapelketa jokatzen hasiko dira. Ondoren, bazkaldu eta siesta laburra egiteko tartea amaituta, 19.00etatik aurrera musikari eskainitako arratsalde-iluntzea prestatu dute: Nathali eta Sebastian bikoteak ordubete inguruko emanaldia eskainiko du parkean eta, hori amaitu eta jarraian, Kaleetan Kantuz abesbatzaren saioa hasiko da. Eta 21.00ak aldera Kaleetan Kantuz-ekoei Beheko Tokian harrera egin eta piskolabisa eskaini ondoren, 21.30etan Tukan orkestrak girotutako dantzaldia hasiko da.
Domekan, San Pedro eguneko ohiturari eutsiko diote aurten ere Akondia baserrian, 11.00etan meza eta konjuroa eginda. Karmengo Amaren elizan, berriz, 12.00etatik aurrera Eibarko Koru Gaztearen parte-hartzea izango duen meza ospatuko dute eta sanpedroak agurtu baino lehen, toka eta igel-toka txapelketako irabazleei sariak banatu eta piskolabisa egiteko tartea hartuko dute.