Sanjuan jaietarako sei eguneko egitarau zabala prestatu du JHHk
2026ko Sanjuan jaietarako txosnetako egitaraua aurkeztu du Jaixak Herrixak Herrixandako (JHH) jai batzordeak. Ekainaren 19tik 24ra bitartean, musika, bertsolaritza, bazkariak, tailerrak eta bestelako ekitaldiak izango dira txosnagunean, adin eta gustu askotarako proposamenekin.
Egitaraua ekainaren 19an hasiko da, 'Tekno Gaba' izeneko egunarekin. Txosnen irekieraren ondoren, GLLS, Jon Malax, Apyretal eta Ravincharen emanaldiak izango dira gauean.
Hurrengo egunean, ekainaren 20an, 'Etxera Eguna' ospatuko dute. Egun osoan zehar hainbat jarduera egingo dituzte; besteak beste, Marasmia talde feministak antolatutako eta Berakatz taldeak girotutako marianitada, Biziminaren aldeko elkartasun bazkaria, Olaia ta Amaiurren bazkaloste akustikoa eta Ondoezik elektrotxaranga. Gauean, Zerotan, Laino Beltzak eta DJ Gorriontxu ta Laztanaren emanaldiak izango dira.
Ekainaren 21a 'Lasaitasun Eguna' izango da. Arratsaldean, Zimurrak izango ditugunerako izeneko bertso-saioa egingo dute, eta gauean proiekzioa eskainiko dute.
Ekainaren 22an, berriz, 'Señora Eguna' ospatuko dute. Azoka, bazkaria eta Goi-Argi elkartearekin elkarlanean antolatutako kafe-tertulia izango dira eguneko ekitaldi nagusiak.
Ekainaren 23a 'Gazte Eguna' izango da. Kamiseta banaketa, herri bazkaria eta jolasak egingo dituzte egunez; gauean, berriz, suaren ondoren Chuleria Joder, Sedientos de Cumbia eta DJ Berbiren kontzertuak izango dira.
Egitaraua ekainaren 24an amaituko da, 'Umeen Eguna'rekin. Tailerrak, umeentzako bazkaria eta Potx pailazoaren ikuskizuna izango dira egunean zehar. Horrez gain, Jo ta ke kuirrak izan arte! drag tailerra egingo dute herriko transmaribibolloen eskutik. Jaiak amaitzeko, Matraka elektrotxaranga eta Jon Koldo Gudariak, Skabidean eta DJ Moñikiren kontzertuak izango dira gauean.
JHHk adierazi duenez, txosnagunea jaietako topagune eta aisialdirako gune izatea dute helburu, eta herritarrak antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte.