Sanjuanen aurreko asteburua jaietarako girotzen joateko Txaranga Eguna ospatuko da zapatu arratsaldean
San Juan jaietako ospakizun nagusiekin hasi aurretik, baina herria eta herritarrak jaietarako girotzen joateko, zapatu honetan (ekainak 15) Txaranga Eguna ospatuko da Eibarren. Hala eman dute ezagutzera Ustekabe txarangako kideek, tabernari batzuekin, Jon Iraola alkatearekin eta Patxi Lejardi jaietako zinegotziarekin batera gaur arratsaldean Estaziño kalean egindako agerraldian. Esan dutenez, tabernarien ekimenez, eta Udalaren babesari esker egingo da zapatuko ekitaldia: “Beste batzuetan sanjuanetako kontzertuak aurreko asteburuan izan dira, baina aurten dena batera, asteburu bakarrean egitea tokatu denez, zapatu honetan kaleak girotzeko, eta bide batez inguruko herrietatik jendea Eibarrera erakartzeko zerbait antolatu nahi izan dugu”.
Horrela, Eibarko Ustekabe txarangarekin batera, Tolosako Kalean, Ermuko Irulitxa, Elgoibarko Mausitxa eta Donostiako Joselontxos, bost txaranga hauek ibiliko dira herriko txoko guztiak musikarekin alaitzen, 19:00etatik 21:00etara. Hasieran txaranga bakoitza auzo batera (Urki, Urkizu, Amaña, Ipurua eta erdialdea) joango da, ordubetez-edo kalejiran ibiltzeko, eta ondoren bostak elkarrekin, erdialdean aritzea da asmoa, Eibarko hainbat kantu eskaintzeko: “Besteak beste Venid al pueblo de Eibar kalejira, Eibarko Kantak diskoan jasotakoa, edo EH Sukarra. Jaigiroaren sukar horrekin kontajiatu nahi ditugu guztiak”. Gainera, egun berean herriko koadrila asko Unben izango direla gogoratu dute, IPQ koadrilak antolatutako foball txapelketan. Antolatzaileak eta Ustekabe koordinatzen ari dira, “bi ekimenen amaierek bat egin dezaten, biei ere amaiera borobila emateko asmoz”.
Gogora ekarri dutenez, “antzeko ekimenak egin ziren 2005. eta 2015. urteetan, Ustekaberen urteurren jaietan. Bi urte horietan egin ziren orain arte bizi izan ditugun txarangen alardeak. Hirugarrenez biziko dugu antzeko jaialdi bat, berriro ere Ustekaberen eskutik, ostalariekin eta Udalarekin elkarlanean”. Ustekabeko kideen berbetan, “sanjuanaurrea egin nahi izan dugu, eta horretarako, gure herriaren jai nagusien maila emango duten txarangak ekarriko ditugu. Ondo jotzen duten txarangak dira, badakite zer den Eibarren aritzea, eta ibilbide oparoa izan dute”.