Sanjuanetarako berotzen joateko… Garagardo Jaia

Sanjuanetarako berotzen joateko… Garagardo Jaia
2014/06/12 00:00
eta kitto!

Eibar Rugbi Taldeak eguenean (hilaren 12an) zabalduko du ekainaren 20ra arte Untzagako karpan egingo den Garagardo Jaia. Inaugurazioa hilaren 12an, 19.00etan izango da eta aurtengo ekitaldian Kalamua judo kluba omenduko dute. 20.30etatik aurrera Xero Xiette-rekin erromeria antolatu dute. Hortik aurrera, arratsaldero 19.00etan zabalduko dute. Ohikoari jarraituta, aurten ere garagardo eskaintza zabala egongo da: Maes, Paulaner Trigo, Paulaner Original, Paulaner Salvator, Murphys Irish Red, Guinness, Affligem Dubbel, Amstel Radler eta Buckler. Horrekin batera, saltxitxak, txerri-ukondoa eta oilasko-brotxetak baratxuriekin jateko aukera izango da.
Garagardo Jaia martxan dagoen bitartean egunero ekitaldi bereziren bat eskainiko dute: bihar barixakua Dantzari Egunarekin bat egingo du jaiak; 14an Markel Alberdi igerilaria omenduko dute (gauean, San Juan jaien egitarauaren barruan Su Ta Gar taldeak kontzertua emango du Untzagan); 15ean ZZTorpes taldeak kontzertua emango du; 18an Eibar foball taldeko Garitano eta Errasti omenduko dituzte eta, ondoren, The Vartools taldeak kontzertua emango du; 19an Mongo taldeak joko du; eta 20an The Crazy Wheels Band taldearen kontzertuarekin agurtuko dute aurtengo Garagardo Jaia.