Sanjuanetarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik

Sanjuanetarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik
2015/05/21 00:00
eta kitto!

Udaleko Kultura Batzordeak gazte koadrilei San Juan jaietarako ematen dizkien diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzei jarraituta, "ez dago ez adin mugarik, ez koadrila bakoitzeko kide kopuru mugarik, baina bai koadrilen izenak, bai kamisetetako esloganak edo mezuak euskaraz izan beharko dira".
Eskaerak egiteko honako urrats hauei jarraitu beharko zaie: kamisetak, instrumentuak edo bestelakoak erosiko dituzten dendetan aurrekontua eskatu beharko dute eta aurrekontuan enpresaren izena, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta IFK zenbakia, zer erosiko den eta zenbateko kostua izango duen (BEZa barne) agertu beharko dira; aurrekontua, taldearen izena eta ordezkariaren izena eta kontaktua Kultura sailean (Portalean, 1. pisuan) entregatu beharko dira edo, bestela, posta elektroniko bitartez cultura@eibar.eus helbidera bidali. Eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 12an, 12.00etan amaituko da.
Udalak, proposamen guztiak aztertuta, aurrekontuan diru-laguntza horietarako duen diru kopurua banatuko du, eta koadrila bakoitzari zenbat egokitu zaion jakinaraziko dio. Behin erosketak eginda, koadrila bakoitzak fakturak Udaleko Kultura Sailera bidali beharko ditu uztailaren 1a baino lehen eta fakturan eman zaien zenbatekoa agertu beharko da (BEZa barne). Faktura Eibarko Udalaren izenean egingo da (IFK: P2003100A). Bestalde, gastua ordaindutakoa baino handiagoa izango balitz, aldea koadrilak ordaindu beharko duela argitu dute. Informazio gehiagorako zuzenean Kultura sailean galdetu daiteke edo, bestela, 943708435 telefonora deitu edo cultura@eibar.eus helbidera idatzi.