Sanjuanetarako koadrilentzako diru-laguntzak

Sanjuanetarako koadrilentzako diru-laguntzak
2014/06/05 00:00
eta kitto!

Udaleko Kultura Batzordetik aditzera eman dutenez, koadrilei San Juan jaietarako ematen zaizkien diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Eskaerak egin ahal izateko ez dute adin mugarik ez koadrila bakoitzeko kide-kopuru mugarik ezarri, baina koadrilen izenak eta kamisetetan idatzitako mezuak euskaraz izan beharko dira nahitaez. Diru-laguntza eskaerak egiteko epea ekainaren 13an, 12.00etan amaituko da eta interesa dutenek honako pausoak jarraitu beharko dituzte: kamisetak, instrumentuak edo bestelakoak erosi aurretik dendan aurrekontua eskatu beharko dute; aurrekontuan enpresaren izena, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta IFK, zer erosiko den eta prezioa (BEZa barne) zehaztuta agertu beharko dira. Behin aurrekontua eskuratuta, Kultura sailera helarazi beharko dute, Portaleko 1. pisura zuzenean joanda edo cultura@eibar.net helbidera idatzita. Aurrekontuarekin batera taldearen izena eta ordezkariaren izena eta kontaktua entregatu beharko dituzte.
Udalak proposamen guztiak aztertuko ditu eta, ondoren, koadrila bakoitzari zenbat egokitu zaion jakinaraziko diote. Dirua jaso ahal izateko, erositakoen fakturak Kultura sailean entregatu beharko dira, uztailaren 1a baino lehen. Fakturan koadrilari eman zaion zenbatekoa (BEZa barne) agertu beharko da eta Eibarko Udalaren izenean eginda egon beharko da (IFK: P2003100A). Azaldu dutenez, jasotako dirua baino gehiago gastatuz gero, koadrilak ordaindu beharko du aldea. Informazio gehiagorako Kultura sailean galdetu, Portalera (1. pisura) joanda, 943708435 telefono zenbakira deituta edo cultura@eibar.net helbidera idatzita.