Santa Agedaren omenezko koplak eta doinuak eskaini zituzten hainbat taldek
Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan santaeskean ibiltzeko ohiturak geroz eta indar gehiago dihardu hartzen gure herrian. Horrela, martitzenean goizetik hasi ziren koplak kantatzen, aurten kalera irten baitira herriko ikastetxeetako haur asko, eskolan abestu beharrean. Eta iluntzean ere giro polita sortu zen: Eibarko Musika Eskolako txistu ikasleak, Enrique Montero irakaslearekin batera, Santa Ageda doinuak jotzen aritu ziren erdialdeko kaleetan. Eta Eibarko Musika Eskolak antolatutako kalejiran, berriz, hainbat taldek egin zuten bat: Kaleetan Kantuz, DBOR Debabarreneko Orfeoia, Sostoa, Juan Bautista Gisasola haurren abesbatza eta Ipuruako Merkatu Plazako Koralito, besteak beste. Urkizuraino egin zuten kalejira, ondoren Edozer elkarte gastronomikoan afaltzeko.