Santa Zezilia ospatzeko emanaldi bereziak egingo dira asteburuan
Ohikoari jarraituz, Eibarko Musika Bandak serenata egingo du zapatutik domekara bitarteko gauerdian. Untzagatik abiatuko dira, herritarrek lagunduta, herria musikaz girotzeko. Azken urteotan bezala, aurten ere beraiekin batera abesteko kantu-paperak banatu dituzte. Eta domekan, azaroak 23, 12:30ean, kontzertua emango du Bandak, Coliseon. Emanaldia Amparito Roca (J. Teixidor) pasodoblearekin hasiko da, “bere konposizioaren mendeurrenean”. Ondoren, La Revoltosa (R. Chapi) piezaren preludioa joko dute eta, gero, Jesus Rioja Bandako tubistak Czardas (V. Monti) joko du, bakarrik. Horren atzetik etorriko dira Danzon nº2 (A. Marquez), Ouverture 1812 (P. I. Tchaikovsky) eta Duke Ellington jazzistaren kantuak biltzen dituen moldaketa bat.
Usartza Txistulari Taldeko kideak, Eibarko Musika Eskolako ikasleekin batera, zapatuan irtengo dira kalejiran, 19:30ean. Urkizu inguruan ibiliko dira, eta Santa Zezilia biribilketa, Betoño, Erromerian, Gora eta gora beti, Euskal Herrian Euskaraz, Ixil ixilik, “eta askoz gehiago” joko dituzte.
DBOR Debabarreneko Orfeoiak ere (argazkian) kontzertua emango du, Santa Zezilia ospatzeko. Aurten hitzordua zapatuan, azaroaren 22an izango da, Santa Zezilia egunarekin bat eginez. Jose Miguel Laskurainek zuzentzen duen abesbatzak Ermuko Santiago Apostolua elizan kantatuko du, 20:00etan. Bertan eskainiko duten errepertorioa “askotarikoa” izango da, eta espero dute bertaratzen den publikoak gozatzea, eta haiekin batera ospakizunean parte hartzea.
Azkenik, Eibarko Koro Parrokialak ere asteburu honetan ospatuko du musikari guztien babeslearen eguna: domekan, Karmengo Amaren elizan egingo den 12:00etako mezan egongo dira kantatzen.