SD Eibar Fundazioak futbolaren euskarazko hiztegia sortu du

Gizonezkoen taldeak domekan Ipuruan jokatuko duen partiduan zaletu guztiei banatuko diete
SD Eibar Fundazioak futbolaren euskarazko hiztegia sortu du
2025/03/20 16:19
eta kitto!

Futbolaren hizkuntza nazioartekoa dela esan ohi da eta euskarak ere badu tokia mundu erraldoi horretan. Hain zuzen ere, futbolean euskararen tokia aldarrikatzeko asmoz, SD Eibar Fundazioak futbolaren euskarazko hiztegia sortu du, futbolaren munduan gazteleraz esaten diren hitzak euskaraz nola diren azalduz.

Fundazioak triptiko moduko bat sortu du ehundik gora berba euskarara itzulita. Mikel Larrañaga SD Eibar Fundazioko presidenteordeak gaur egin den aurkezpenean azaldu duenez, “harrobiko langile batekin elkarlanean sortu dugu hiztegia”. Berarekin batera Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea egon da Ipuruan eta talde eibartarrak euskararen alde egiten duen lana goraipatu du. “Euskarak horrelako ereduak behar ditu aurrera egiteko”, bere berbetan.

Hiztegia domekan banatuko dute SD Eibar eta SD Huescaren arteko partidura joaten diren zaleen artean, eta aurrerago emakumezkoen taldearen neurketa batean ere emango dute. Gainera, Interneten ere ikusgai egongo da esteka honetan.

 

Euskararen Baloia

SD Eibar Fundazioak 2016-17 denboraldian sortu zuen Euskara Batzordea. “Euskararen erabilera indartu nahi genuen”, Larrañagaren berbetan. Horretarako, argi ikusi zuten euskararen etorkizuna umeen eskuan zegoela eta eurei begirako ekimen bat jarri zuten martxan: ‘Euskararen baloia’.

Eurek asmatutako kondairak dioenez, Ipuruako obretan baloi magikoa aurkitu zuten, ‘Euskararen baloia’, euskara eginez gero osasuntsu dagoena eta erderaz jardunez gero ahultzen dena. Kondaira SD Eibarreko jokalariek kontatzen dizkiete Eibar eta Debabarreneko beste herrietako ikasleei, eta umeentzat futbolariak erreferente garrantzitsuak direnez, esandakoa jarraitzea da asmoa. “Gainera, ‘Euskararen baloiaren’ erreplika bat ematen diegu, baloitxo bat duen giltzatako bat ere, klasean banatzeko kamiseta bat eta Eibarren partidu batera etortzeko gonbidatzen diegu”, azaldu dutenez.

Urtero 500 ikasle inguruko hartzen dute parte ekimenean, den-denak LH-ko 3. mailakoak, eta ume gehiagoren artean zabaltzeko asmoak dituzte Fundazioekoek. “Hori oso garrantzitsua da”, Aldasororen ustez. “Eskolan aurkitzen dute euskaraz aritzeko testuingurua, baina garrantzitsua da aisialdian ere horrelako eremuak aurkitzea”.