Sei eguneko egitaraua antolatu du JHH-k San Juan jaietarako

Sei eguneko egitaraua prestatu du Jaixak Herrixak Herrixandako jai-batzordeak sanjuanetarako. Programak musika, bertsosaioak, azokak, hitzaldiak eta umeentzako jarduerak uztartzen ditu. Antolatzaileen arabera, egitarauak jai eredu herrikoia, feminista, euskalduna eta parte-hartzailea islatzen du.
2026/06/18 17:47
Irati Alvarez Malaxetxebarria

San Juan jaiak ate joka daudela, azken prestaketetan murgilduta daude Julen Baroja eta Irati Azpilikueta Jaixak Herrixak Herrixandako (JHH) jai-batzordeko kideak. Sei eguneko egitaraua osatu dute aurten, eta antolatzaileen arabera, ez da soilik egutegia betetzeko ariketa bat: urte osoan zehar egindako lanaren eta jai eredua ulertzeko modu jakin baten emaitza da.

Aurtengo egitarauak barixakutik (ekainak 19) San Juan egunera (ekainak 24) arteko jarraikortasuna izango du txosnaguneko espazioan. Egutegiaren antolaketak berak baldintzatu du proposamena, baina jai-batzordeko kideen esanetan, atzean badago helburu argi bat: jai eredu jakin bat indartzea eta ikusgarri egitea.

Jai eredu baten isla

Egitaraua ez da musika edo festa eskaintza hutsa. Horixe nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, txosnaguneak duen funtzioari buruz galdetuta.

“Egitarauan jai-batzordearen abizenak daude: herrikoia, feminista, euskalduna eta parte-hartzailea”, azaldu du Azpilikuetak. Horren arabera, txosnagunea ez da soilik kontzertuetarako edo gaueko festarako espazio bat.

Barojaren hitzetan, helburua da ahalik eta jende anitzenera iristea: "Adin desberdinetako jendearengana heltzen saiatzen gara, eta gure balio horietan berresten dugu jai eredua".

Herritik antolatutako egitaraua

Egitarauaren atzean ez dago talde itxi bat soilik. Urtean zehar egindako bilera irekien bidez osatu dute programa, herritarren parte-hartzea sustatuz.

"Nahi dugu egitarau herrikoi bat aurrera ateratzea, eta Eibarko gazteei eta herritarrei zer interesatzen zaien jakitea", azaldu du Azpilikuetak.

Barojaren arabera, jai-batzordea ez da egitura bakarra: “Hamar lan-talde eta eragile baino gehiago aritu gara aurten. Jaixaken koordinazio taldea badago, baina komunitate oso sendoa ere badugu”, azaldu du.

Helburua, azaldu dutenez, jaiak antolatzeko prozesuan gero eta jende gehiagok parte hartzea da.

Egun bakoitza bere nortasunarekin

Aurtengo egitarauak berezitasun bat du: egun bakoitzari izen propioa jarri diote. Tekno Gaba, Etxera Eguna, Lasaitasun Eguna, Señora Eguna, Gazte Eguna eta Umeen Eguna izango dira. Barojaren esanetan, egituraketa horrek laguntzen du egun bakoitzari nortasuna ematen eta publiko desberdinengana iristen: "Ume bat ez da Tekno Gabara etorriko, eta hori ere kontuan hartzen dugu egitaraua diseinatzerakoan".

Umeen Eguna iaz lehen aldiz egin zuten eta aurten berriz errepikatuko dute. "Iaz oso balorazio ona izan zuen, eta ikusi dugu umeek ere txosnaguneko espazioan euren lekua behar dutela", azaldu du.

Txosnagune duin baten aldarria

Jaiak antolatzearekin batera, urtez urte errepikatzen den aldarrikapena ere mahai gainean jarri dute: txosnagunearen egoera.

Udalaren jarrera kritikatu du Barojak. Haren arabera, proposamenak egin arren, ez dute erantzun egokirik jaso: "Infantilizatu egiten gaituzte. 'Ez dugu ikusten' edo 'erabaki politikoa da' moduko erantzunak jasotzen ditugu", salatu du.

Hala ere, borroka ez dutela utziko argi utzi du: "Txosnagune duin baten alde lanean jarraituko dugu".

Espazio berriak eta komunitatea

Aurtengo berrikuntzetako bat 'Jo ta ke kuirrak izan arte!' drag tailerra izango da. Ekimen hori herrian sortzen ari den talde transmaribibollo baten inguruan eratu da.

Azpilikuetak azaldu duenez, helburua ez da soilik jarduera bat antolatzea: "Gure artean saretzeko eta aliantzak sortzeko espazioak behar ditugu".

Jaiak herritik eta herriarentzat

San Juanak ate joka direla, herritarrei gonbidapena luzatu diete txosnagunera hurbiltzeko eta egitarauan parte hartzeko. Sei eguneko programarekin, JHH-k jaiak ospakizun hutsetik harago ulertzen dituela azpimarratu du, eta herria egiteko zein komunitatea sendotzeko espazio gisa aldarrikatu ditu.