SEPEren bulegoak itxita jarraitzen duela berretsi du LAB sindikatuak, alkateak esandakoari erantzunez

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikorako (SEPE) Eibarko bulegoa itxi dutela salatzen LAB sindikatuak aurreko astean kaleratu zuen komunikatuaren harira, bertan diotena gezurtatu egin du Jon Iraola alkateak, baina LAB sindikatuak aurretik esandakoa berretsi du gaur bertan: “Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du”, adierazi dute.
SEPEren bulegoak itxita jarraitzen duela berretsi du LAB sindikatuak, alkateak esandakoari erantzunez
2025/09/18 19:09
eta kitto!

Alkateak aste honetan adierazi duenez, argitaratutako informazioen berri izan eta, berehala, Marisol Garmendia Gobernuko ordezkariarekin jarri zen kontaktuan, eta “pertsonalki berretsi zion Eibarko SEPEko bulegoak zabalik jarraitzen duela”. Hori horrela, alkateak lasaitasun-mezua zabaldu nahi izan du: "Bulegoa ez dago itxita, eta herritarrak euren gestioak egitera joan daitezke, normaltasun osoz”. 
Baina LAB sindikatuak aurreko astean esandakoa berretsi du, eta alkateak esandakoari erantzun nahi izan dio gaur bertan kaleratu duen idatziaren bitartez: “Azken egunetan Eibarko alkateak SEPEren bulegoari buruz esan duenaren arabera, irailaren 4tik aurrera bulego horrek normaltasunez funtzionatzen du Eibarren. Baieztapen hau gezurra da; izan ere, Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du: ez dago telefono bidezko hitzordurik, ez dago aurrez aurreko hitzordurik eta, bertan baieztatu digutenaren arabera, ez da horrelakorik egongo oraingoz”.
Gauzak horrela, sindikatuan kezkatuta daude “lehen ematen zen zerbitzu bat, gaur gaurkoz behintzat ez delako ari ematen, eta etorkizunean zer gertatuko den ere guztiz kolokan dagoelako: baieztatu ahal izan dugunaren arabera, agindu berri bat egon arte ez da publikoarentzat aurrez aurreko zitarik egongo eta, beraz, lehen Eibarko bulegoan egin zitezkeen eta egiten ziren hamaika izapide oraingoz ezingo dira bertan egin”.
Alkateak “zuhurtziaz jokatu eta informazioa egiaztatu behar dela” esan eta gero, sindikatuko ordezkariek bulegora jo dute eta, diotenez, informazioa zuzenean kontrastatu dute “lortu ezinezko hitzorduetan, zerbitzu honetara sartzerik izan ez duten langileen ahotsean. Ikusten duguna oso sinplea da: gezurra esaten digute, eta langile klasea bete-betean kolpatzen duen egoera bat ezkutatu nahi digute. Normaltasuna, norentzat? Dagoen normaltasun bakarra artatu gabeko herritarrena da, oraindik ezagutzen ez ditugun eta instituzioetatik argitu nahi ez duten arrazoiengatik, egun batetik bestera ematen ziren zerbitzu asko emateari utzi baitzaio”.  Sindiktutik “erantzukizunak, berehalako irtenbideak eta behar adina langile” eskatu dituzte, Eibarko SEPEa berriro ere langileen eskura dagoen zerbitzua izan dadin.