Sergio del Campo, organogilea: “Gure proposamena organoa osatzen duten elementu guztiak errespetatzea izan da”

Sergio del Campo, organogilea: “Gure proposamena organoa osatzen duten elementu guztiak errespetatzea izan da”
2022/10/21 11:25
eta kitto!
Sergio del Campo organogileak San Andres elizako organoa piezaz pieza zaharberritzen dihardu 2021. urteko ekainaz geroztik eta, kalkuluen arabera, 2023ko martxoaren amaieran amaituko dituzte lanak.

 

Nolakoa zen organoaren egoera zaharberritu aurretik?

Organoaren eta bere osagaien egoera onargarria zen ehun urteko zerbitzua eman duen organo batentzat, hutsuneak izan arren. Soinu- eta maniobra-mailan modu egokian funtzionatzen lagatzen ez zioen zenbait anomalia zituen. Hala nola, airez hornitzeko urritasunak zituen eta, ondorioz, soinua ahula zen eta afinazioa desorekatua. Gainera, mekanikan eta transmisioan arazoak zituen baita ere, eta nota batzuk etengabe entzuten ziren, beste nota batzuk beranduago entzuten ziren, beste batzuk ez ziren ia entzuten, eta abar.

Zein pauso jarraitu behar izan dituzue organoa zaharberritzeko?

Gure proposamena organoa osatzen duten elementu guztiak errespetatzea izan da, bere jatorrizko egoera arriskuan jarri zitzaketen ekintzak baztertuz. Hodia garbitu eta konpondu ahal izateko eskoratu egin zen. Organoa barrutik garbitu ondoren, makinariaren zati guztiak desmuntatu ziren. Koroan organoaren kutxa edo altzaria geratu zen bakarrik hodiarekin batera, honek ez baitu konponketa handirik behar izan. Sekretu nagusietan zein sekretutxo osagarrietan larruzko zati guztiak aldatu dira, eta baita torlojugintza ere, akatsak zituelako.

Zeintzuk izan dira bidean aurkitu dituzuen arazo larrienak?

Organoaren hauspo handiena errestauratzea izan da arazorik handiena. Oso handia denez, ezin izan dugu bere tokitik atera eta, ondorioz, bere zatiak organotik atera behar izan ditugu konpontzeko eta, ondoren, barruan muntatu behar izan ditugu berriz. Beste arazo handi bat organoak dituen pieza txikiekin izan dugu. Lanak hasi baino hilabete lehenago organoen mundu mailako hornitzaile handienak ateak itxi zituen eta aurreikusten ez genituen beste bide batzuk bilatu behar izan ditugu.

Zaharberritzea zein momentutan aurkitzen da orain?

Gaur egunera arte zaharberritu ditugun piezak organoan jartzen gabiltza. Hain zuzen ere, sekretuen edo erregistro kanalen barruan doazen balbulak erremontatzen ari gara. Oso zeregin zehatza eta zorrotza da. Organoak 2.100 balbula inguru ditu eta bakoitzak zortzi eta hamaika pieza artean ditu. Balbula hauen muntaia oso geldoa da, euren tokian modu perfektuan kokatu behar direlako. Balbula hauen pieza nagusia egurrezkoa da eta balbula asko deformatuta daude aldaketa higroskopikoen ondorioz. Beraz, beharrezkoa da berriz ondo lotzea eta ondo funtzionatzeko ziurtasuna ematen ez dituztenak baztertzea.

Zer geratzen zaizue egiteko oraindik?

Balbulekin amaitzen dugunean makina pneumatikoaren elementuekin eta kontsolarekin konektatzen diren noten eta erregistroen transmisioarekin jarraituko dugu. Fase hauek amaitzean hodia erremontatzen joango gara, bere harmonizazioa eta afinazio-puntua egiaztatuz.

Zeintzuk dira Eibarko organoak dituen berezitasun nagusienak?

Eibarko organoak 26 erregistro ditu 61 nota dituen eskuzko bi teklaturen eta 30 notako pedal baten artean banatuta. Noten eta erregistroen transmisioa tubular-pneumatikoa da eta kontsolak 32 pultsadore ditu. 1920 eta 1922 urteen artean eraiki zuen Bilbon Juan Melche, Mar y Cia enpresak eta maneiatzeko orduan instrumentuak independentzia gehiago ematen dio organistari, batez ere teklatuak sakatzeko orduan leuna delako, eta organoaren baliabideak erabiltzeko independentzia ematen du erregistraziorako laguntzailerik behar gabe. Horretarako, organoak konbinazio eta efektu bereziak ditu.

Zein helbururekin egin duzue orain organoaren erakusketa?

Ondare materialaren bitartez organeriak balio kultural immaterial moduan duen balioa nabarmentzea nahi dugu. Horretarako, organoaren zaharberritzea izan dugu ardatz, hain zuzen ere organoaren sorreraren mendeurrenean. Itziar Larrinaga taldeko kideak eta Musikeneko Ikerketa eta Berrikuntzako Koordinatzaileak landu du kultura bitartekaritzako proiektu hau. Horretarako, Yasmin Soud Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkunde Masterreko ikaslearen laguntza berezia jaso du. Bera eibartarra da eta lan zoragarria egin du, duen guztia emanez proiektua errealitate bihurtu dadin. Oso eskertuta gaude egin duen lanarengatik.

Zer ikusi dezakegu erakusketan?

Nik egindako argazkiez gain, Juan Antonio Palacios, Mikel Askasibar, Yanire Sagredo eta Ruben Perezen argazkien bitartez organoaren zaharberritze-lanen prozesua ikusi ahal izango da. Gainera, Egide Kellerren erremintak eta argazkiak ere aurkitu daitezke. Kellerrek Hans Melcherrekin batera egin zuen lan Eibarko organoaren sorkuntzan eta bere familiaren zati bat Eibarren bizitzen geratu zen. Bestalde, azaroaren 7atik aurrera organoan inspiraturiko Zeramika eta Dibujo Eskolako ikasleen lanak egongo dira ikusgai, eta organoaren zaharberritze prozesuaren inguruan Yanire Sagredok egindako bideoa ikusi ahal izango da. Aurkezpen saioa Portaleako areto nagusian egingo da 7an, 19:00etan, eta Leire Kareaga, Iratxe Unanue, Natalie Hickey eta Yanire Sagredo egongo dira bertan, besteak beste. Ekintza zirraragarria izango da eta bertara joateko gonbitea egiten dizuegu!