SILVIA CARRIZO: “Dependentziaren laguntza publikoek atzerriko langileen esplotazioa finantzatzen dute”

‘Etxeko eta zaintzako langileen erresistentzia eta antolakuntza’ goiburuarekin solasaldia eskainiko dute hilaren 24an, Andretxean
SILVIA CARRIZO: “Dependentziaren laguntza publikoek atzerriko langileen esplotazioa finantzatzen dute”
2025/02/21 10:12
eta kitto!

Silvia Carrizo Fernandezek (Malen Etxea emakume migratzailez osatutako elkartearen sortzaileetako batek) eta Merlin Medina Acostak (Andretxeko Berdintasun Zerbitzuak eskaintzen duen zaintzaile eta etxeko langileentzat lan aholkularitza zerbitzuaren arduradunak) solasaldia izango dute hilaren 24an, 18:00etan, Andretxean, ‘Etxeko eta zaintzako langileen erresistentzia eta antolakuntza’ izenburupean.

Hizlari biak abokatuak dira eta langile horiei buruzko informazioa emango dute, baita etxeko eta zaintzako langileentzako espazio propio bat berriz adierazteko beharrari buruzkoa ere, erresistentzia antolatzeko funtsezko elementua dena. Era berean, gai horri buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera egongo da.

 

Zertaz jardungo duzue Merlinek eta biok Andretxean?

Langile migranteek Gipuzkoan bizi duten egoerari buruz egingo dugu berba testuinguru politiko eta sozialean zentratuz, subjektu hori herrialde honetan nola txertatzen den ikusteko. XXI. mendean hasi ziren emakume hauek Gipuzkoako herrietara iristen eta hemen zergatik dauden komentatuko dugu, zaintzaren inguruko politika publikoak zergatik salbatzen dituzten, eta nola gizarte honek ez duen ulertzen gizakiak eta langileak direla, eta Gipuzkoan zaintzak ezin direla sostengatu milaka emakumeren esplotazioan eta esklabutzan.

Nori zuzentzen zaio solasaldia batez ere?

Hitzaldia irekia da eta edonor joan daiteke. Azken batean, zaintza faltaren arazoak eibartar guztiei egiten die kalte, ez baitago zaintzaren inguruko politika publikorik. Adibidez, 50-60 urteko emakume batek, enpresa edo fabrika batean lanean dagoena, zaintza behar duten gurasoak izan ditzake eta gizarte honetan zaintzaren ardura familia barruan erortzen da, emakumeengan, edo bestela norbait esplotatzean. Azkenean, langile klaseak ordaindu ezin duen eredu bat onartzen du eta, ondorioz, esplotatzailea bihurtzen da.

Nolako eboluzioa izan du arazo honek azkenengo urteetan?

Hobetzen joan da bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, langileak antolatu egin direlako hainbat elkarte sortuz. Antolatze hutsak ikusgarritasuna eman zion arazoari eta horrek dependentzia politiketara eta Espainiako estatuak eta EAEk behar izan dituzten beharretara eboluzionatu du. 2024. urtean erregularizazio etapa bat bizi izan zen, gero Dependentziaren Legea etorri zen, ondoren profesionalizazioa, soldata minimoaren hazkundea eman da (maisutasunez, inoiz gertatu ez bezala)… Mugarriak ezarri dira eta lan-baldintzetan hobekuntzak ekarri dituzte, baina oraindik ere esplotazioa egoten jarraitzen du interna moduan lanean jarraitzen dutenengan, ez dutelako euren eskubideen errekonozimendurik, abusuak ematen direlako eta esplotatzaileak euren bizitzaz jabetzen direlako. Hori ez da aldatu oraindik.

Nolako egoerak eta baldintzak bizi izaten dituzte esplotatuak diren langile horiek? Datuen arabera, etxeko eta zaintzako langile gehienak emakumeak dira eta %80-90 barne erregimenean daude.

Hori da. Hemen ulertu eta onartu nahi ez dena da Gipuzkoako zaintza eredua atzerriko langileen esplotazioan sostengatzen dela eta horregatik funtzionatzen duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) ez du beste formularik. HerriLab, Etxean Bizi eta horrelako programak gezurrak dira. Edozer gauza saldu dezakete, baina oinarriko diagnostikoan arazo garrantzitsu bat dago: etxeetan esplotazio egoeran egiten dela zaintza guztia.

Era berean, gizartea zahartzen doa eta zaintzaren beharra gero eta handiagoa da, ezta?

Zaintzaren beharrak gero eta gehiago dira, baina egia ere bada gero eta langile gutxiago ari direla iristen. Migrazioak jarraitzen duen arren, ez da mende hasierako maila berean gertatzen eta ez ditu ezaugarri berak. Mende hasieran etorri zen belaunaldia zaintzaile moduan jubilatuko da, baina 2019az geroztik etortzen ari direnak paperak lortu ahal izateko hasten dira zaintzaile bezala lanean, euren asmoa gero beste zerbait egitea delako, beste lan batzuk egiten edo, zaintzaren munduan bada, behintzat beste sistema batzuen barruan (erresidentzietan lanean, adibidez, baina ez interna bezala).

Esan bezala, sektore arrazializatua da, esplotatua… Horrek nola baldintzatzen die langileei antolatu ahal izateko orduan?

Antolatuta daudenak, paperak eduki ala ez, beste edonor bezain ahaldunduta daude eurena dena erreklamatzeko. Bestalde, paperik ez duen emakume batek inguruan ehun sozialik, egiturarik edo babestuko duen antolakuntzarik ez badu, ez du ezer; baina paperik eduki ez arren, atzean egitura bat edo babestuko duen elkarte bat badu, legeak babestu egiten duela badaki (horrela esaten diegulako) eta bere eskubideak zeintzuk diren badaki, indartsu sentitzen da erreklamatzeko, bakarrik ez dagoelako.

Zentzu horretan zuek, Malen Etxean, aitzindariak izan zarete.

Malen Etxeak 20 urte ditu eta den-dena hutsetik egin eta ikasi behar izan genuen. Gaur egun iristen ari diren kideak guk ez genuen zerbait aurkitzen dute, eta hori asko aitortzen eta baloratzen dute.

Gauza zehatzetara joanda, gaur egun zeintzuk dira etxeko eta zaintzako langileen eskaera nagusiak?

Estatu, autonomia erkidego edo probintzia mailako eskaerak daude. Probintzia mailan zentratuz, Gipuzkoan arazo serioa dago. GFA-ren zaintza politiken ondorioz, dependentziaren laguntza publikoek atzerriko langileen esplotazioa finantzatzen dute. Beraz, GFA-k dependentziaren diru-laguntza laguntzaile pertsonalak kontratatzearekin lotzen ez jarraitzea eskatzen dugu. Gainera, profesionalizazioa eskatzen dute. Ba ezin daiteke izan zaintzaile profesional batek erregimen bereziaren barruan lan egiten amaitzea soldata minimo baten truke, esplotazio egoeran eta GFA-k hori finantzatzea. Hori lotsagarria da. Diputatu Orokorra eta mundu guztia lotsatuta egon beharko lirateke. Hori da Gipuzkoak duen gai potoloena.

Arduradunei arazoa planteatzen zaienean, nola erantzuten dute?

Bakoitzak ahal duen moduan erantzuten du, baina dagoeneko ez dute non ezkutatu. Guk arazoaren berri ematen dugu, baina EH Bilduk edo Podemosek ez badute gaia aldarrikatzen eta Diputatu Orokorrari gauzak planteatzen, PNV-k ez du egingo. Eusko Jaurlaritzako kontseilariarekin berbetan, berak arazoa dagoela onartzen du, eta esaten digu arazoa Gipuzkoan dagoela. Gipuzkoan bakarrik gertatzen da hau, ez beste inon. Bizkaian, adibidez, etxerako zaintzaile bat kontratatu nahi baduzu, enpresa batera deitu dezakezu, baina ezin duzu erregimen orokorrean kontratatu dependentziaren laguntza justifikatzeko.

Azken urteotan zaintzaren inguruko kontzientzia zabaldu egin da, baina era berean, aipatu duzun bezala, “langile klaseak ordaindu ezin duen eredu bat onartzen du eta, ondorioz, esplotatzailea bihurtzen da”. Beste alde batera begiratzen dugu?

Teoriaren eta praktikaren artean alde handia dago. Normalean, jendeak egun batetik bestera egin behar dio aurre zaintzaren arazoari. 60. hamarkadan jaio direnek, gaur egun 70 urteak gertu dituztenek, kasu askotan ez dute euren zaintzaz arduratzeko gai izango den familiarik. Beraz, adin horretakoak eta 50-60 urte dituztenak arduratuta egon beharko lirateke euren zahartzaroa nolakoa izango den pentsatzen.