Slide taldea: “Bakardadea landu nahi izan dugu ‘Agur’ EP-an”
2019an cover talde gisa sortu zen Slide, baina urte gutxiren buruan bere bide propioa eraiki du Euskal Herriko rock eszenan. Gaur egun, Aitzol Hidalgo (gitarra), Josu Cascan (bateria), Aitor Castillo (baxua) eta Egoitz San Martin (gitarraeta ahotsa) dira taldea osatzen duten musikariak, eta bigarren EPa plazaratu berri dute: “Agur”. Sei kantuk osatutako lan kontzeptual honek bakardadearen eta dolu-prozesuaren haria josten du, eta taldearen heldutasun berria erakusten du. Azaroaren 28an aurkeztukodute Eibarren, Zai-zoi Tabernan.
Rock-a lantzen duzue, beraz.
AITZOL: Bai, rock-a landu dugu, baina egia da poprock, rock alternatiboa… hainbat estilo barnebiltzen dituela gure musikak.
EGOITZ: Hori da, guk rock alternatiboa esaten dugu, estilo aniztasun hori barnebiltzen duelako.
Baduzue erreferenterik?
JOSU: Taldearen sorreran Euskal Herriko talde ezagunak genituen buruan, Berri Txarrak adibidez.
AITZOL: Catfish and the Bottlemen, Touché Amoré… Estilo askotariko taldeak entzuten ditugu eta hori gure musikan nabaritzen da.
EGOITZ: “Agur” EP-ra begira, gertuko taldeak ere izan ditugu erreferente, Ezpalak adibidez.
AITZOL: “Agur” EPan aldaketa nabaritu dut musika lantzerako orduan. Lehenengo EPa metaleroagoa zen, “kañeroagoa”. Bigarren hau, aldiz, lasaiagoa da.
EGOITZ: Bai, lehenengo EPa esperimentalagoa zen. Taldearen aldaketekin batera, bide propioa hartu genuen.
AITZOL: Taldea profesionalizatu nahi genuen eta egin dezakegun lan onena egin.
“Agur” izena ez al da paradoxikoa?
AITZOL: Egia esan, kasualitatea izan da, ez dugu nahita egin. Abestiak grabatu eta bukatu genituenean, izenaren inguruan hitz egin genuen. Oso zaila da dena laburbiltzen duen izen bat aukeratzea.
JOSU:Hainbat izen pentsatu genituen: “Anekdotak”, “Eskaileran”, “Ganbaran”…
EGOITZ:Diskoaren mezuan jarri genuen fokua. Azkenean, zerbait albo batera uzteaz hitz egiten du.
Zer da “agurtu” nahi izan duzuena?
EGOITZ: Sentimentu bati edo esperientzia txar bati agur esan nahi dio diskoak. Bakardadea lantzen du, doluaren faseak bezalaxe: lehenengo abestiak amorrua jasateaz hitz egiten du, bigarrenak egoera onartu ezin izateaz, ondoren ukapena dator, eta azkenik esperientzia hori onartu eta “agur” esaten dio.
Abestiak harilkatuta daude, beraz.
AITZOL: Bai, hori da hasieratik nahi genuena. Istorio bat sortu nahi genuen, bakardadearen bilakaeran oinarrituta.
EGOITZ: Singleak dira nagusi gaur egun, kontsumo azkarrean. Guk, aldiz, kontzeptu-album bat sortu nahi genuen, osotasunean zentzua zuena.
Zenbat abestik osatzen dute “Agur”?
EGOITZ: Sei abestiz osatua dago: Fuck U!, Zalantzak (feat. Juango Berasain), Izkutuan, Anekdotak (feat. Habi), Agur eta Bitxilore (Re-recorded). Azken kantak ez du aurrekoekin zerikusirik, “bonus track” bat da. Aurretik genuen abesti berezi bat zen, behin grabaketa profesional bat egiteko aukera izanda berriz grabatzea erabaki genuen
AITZOL: Aldi berean, binilo formatuan egin nahi genuenez “toc-a” ematen zidan azalaren alde batean 3 kanta eta bestean 2 agertzea. Alde bakoitzean 3 kanta egonda, bisualki hobeto geratzen da.
Aurkezpena Zai-Zoi Tabernan izango da, azaroaren 28an. Gogotsu zaudete?
AITZOL: Bai, oso gogotsu gaude jendeari gure lana aurkezteko.
EGOITZ:Gainera, taberna hau erreferentea da guretzat. Kontzertu mordoa ikusi ditugu bertan eta gure aurkezpena bertan egitea jasotakoa itzultzeko modu bat da.