Artistei laguntza emateko sortutako taldea: SOBA kultur elkartea

Artistei laguntza emateko sortutako taldea: SOBA kultur elkartea
2021/01/08 11:15
eta kitto!
SOBA Eibar eta inguruko artistak ezagutarazten saiatzen den kultur elkartea da. Haien helburua artista horiei espazio bat eskaintzea da, bertan proiektuak, ekitaldiak, jarduerak… eta bestelakoak garatu, asmatu eta gauzatu ditzaten. Herriko artearekiko interesa duten pertsona guztientzako topagune kulturala izatea ere bada haien xedea.

  • Nola eta noiz sortu zen SOBA? Noren ideia izan zen?


Poteo batean hasi zen dena. Lagunartean konturatu ginen etxealdian eibartar askok ibilbide artistikoari ekin ziotela: musika, argazkilaritza… Hori ikusita, egoerari buruzko hausnarketa egiten hasi ginen. Edozein artistak proiektu edo produktu artistiko bat martxan jartzen duenean, 3 fase pasatzen ditu: ideazioa, ikus-entzunezko produkzioa eta zabalkundea. Esan gabe doa kristoren lana dela hiru fase horiek norberak bakarrik garatu eta aurrera eramatea. Beraz, prozesu horretan zehar artistari laguntza eskainiko zion elkarte edo kolektiboa sortzea bururatu zitzaigun. Guk beti esaten dugu Eibarren talentua eta baliabideak badaudela, eta gainera, publikoak harrera ona izaten duela proiektu berriekiko. Horiek horrela, zergatik ez martxan jarri?

  • Zein helbururekin sortu zen proiektua?


Gure helburua komunitate bat sortzea da; artista horiek independienteki bakarrik lanean aritu beharrean, gure laguntza jaso dezaten. Modu kolektiboan lan eginez, indibidualki egitean baino oihartzun handiagoa lortzen da-eta. Badakigu artisten munduan badaudela dagoeneko kolektiboak sortuta: “musika-kolektiboak”, “pintura-kolektiboak”, “dantza-kolektiboak”... Baina, gure helburua horiekin guztiekin bat egitea da, hain zuzen, denak kolektibo bakar batean batzea.

  • Zein oztopo izan duzue egitasmoa aurrera ateratzeko orduan? Pandemiak izan al du eraginik zuen bilakaeran eta garapenean? Ez dira sasoi onenak proiektu berriei heltzeko. Hala ere, zuek ausardia erakutsi duzue. 


Gure proiektua kultura-sektorearen barruan kokatzen da, eta pandemia honetan gehien sufritu duen arloetariko bat horixe izan da. Osasun-egoera dela eta ezin denez gauza askorik egin, ahal den heinean eta neurriak errespetatuz, gure ideia eta proiektuak aurrera eramaten saiatu gara, alternatibak topatuz. Jende askok esan digu ez dela momentu egokiena horrelako proiektu bat martxan jartzeko, baina guk uste dugu momentu perfektua izan daitekeela, dena oso geldi dagoelako. Izugarrizko krisi kulturala gertatu da azken hileotan, eta artista asko atzean geratu dira, proiektuak argitaratu ezinda. Gure xedea artista horiei behar duten bultzada edo laguntza ematea da. 

ARTISTA R!

  • Dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik jasotzen duzue?


Edozein proiektu aurrera eramateko ezinbesteko baldintza da dirua izatea. Momentuz ez dugu inongo dirulaguntzarik jaso. Hasieran kamisetak saltzen hasi ginen, diru apur bat lortzeko, baina kultura arloko proiektuek aurrekontu handiak behar dituzte, eta horrekin ez da nahikoa. Gure behar nagusia artistei espazioa eta behar dituzten baliabide guztiak eskainiko dizkien lokal bat edukitzea da, eta horretarako, dirua mugitu behar da. Aurten urteko aurrekontu-programa egiteko asmoa daukagu, eta behin gure premia zein izango den jakinda, erakunde kultural gisa dirulaguntza publiko zein pribatuetara joko dugu. Horrez gain, erakundean sartzen diren artistek urtero kuota sinboliko bat ordaindu beharko dute.

  • Zenbat lagunek osatzen duzue “elkartea”? Eta zein da horietako bakoitzaren egitekoa?


6 taldekidek osatzen dugu taldea: Unai Arriola, Aitor Martin, Iñigo Susaeta, Javier Egaña, Edu Egaña eta Miren Hazas. Nahiz eta momentuz 6 lagunek osatzen dugun taldea, gure helburua artistak ere elkarteko kide bihurtzea da.

  • Zein bereizgarri edo atal ditu zuen proiektuak ?


Lau atal nagusitan banatzen dugu gure proiektua. Batetik, SOBA STUDIO daukagu, hau da, entseguetarako espazio fisikoa, artistek esperimentatzeko eta garatzeko lekua izan dezaten. Bestetik, SOBA ARTS, non herriko artistekin eta inguruko beste artista batzuekin elkarlanean egindako proiektuak eta ekitaldiak gauzatuko diren. Gainera, SOBA DIDAKTIKA ere badaukagu, era guztietako pertsonei zuzendutako ikaskuntza zirkularra sustatzen duena. Azkenik, SOBA BERPIZTU atala, zeinen helburua Eibar eta inguruko espazio abandonatu edo hutsak birgaitzea den, bertan ekitaldiak antolatuz.

  • Adibide baten (edo gehiagoren) bitartez, azaldu dezakezue zer egiten duzuen? Nola funtzionatzen du SOBAk?


Lehendabizi elkarrizketak egiten ditugu gure helburu diren artistekin, eta bai pertsona bera eta baita bere proiektua ere osotasunean ulertzen saiatzen gara. Artistek guri proposamenak egiten dizkiguten moduan, guk ere haiei ideia berritzaileak eskaintzen dizkiegu. Elkarrizketa horietatik hainbat ideia komun ateratzen ditugu, eta guk, ahal dugun heinean eta gure baliabideak zeintzuk diren jakinda, proiektua martxan jartzen dugu. Egindako azkenekoen artean dugu, esaterako, Unai Santos eibartar DJarekin egindako proiektua, esteka honetan dago ikusgai: https://youtu.be/x1nqCMWHhME. Elkarte moduan, bideoa egiten laguntzeaz gain, gure eginkizuna artista horri bere produktuaren zabalkundean laguntzea ere bada. 

ARTISTA MH

  • Zer egin behar du zuen laguntza jaso nahi duen artistak? Zein prozedura jarraitzen duzue?


Gurekin harremanetan jarri behar dira ibilbide artistiko horretan gure laguntza jaso nahi duten artista guztiak, gu laguntzako prest egongo gara beti. Errazena gure sare sozialen bitartez harremanetan jartzea da, instagrameko “doitsoba” kontuaren bitartez, hain zuzen. Mezu elektronikoak ere erantzuten ditugu; beraz, norbaitek bide hori erabiltzea nahiago badu, doitsoba@gmail.com helbidera idaztea besterik ez du. Guk beti diogu norbaitek gurekin hitz egin nahi badu, beti gaudela kalean; hau da, gurekin harremanetan jartzea oso erraza dela. 

  • Zein balantze egiten duzue orain arteko ibilbideaz? 


Nahiz eta proiektua garatzen hainbat hilabete daramagun, esan daiteke bizirik bi hilabete besterik ez daramagula. Hori kontuan izanda, uste dugu oso harrera ona izan duela herritarren artean, eta egindakoa eraginkorra izan dela. Artista asko ezagutu eta gureganatzeko aukera izan dugu. Oso pozik gaude.

  • Hemendik aurrera nola irudikatzen duzue proiektua?



  1. urteari begira, gutxienez 12 proiektu gauzatzea da gure xedea, hilabete bakoitzako bana. Aurreikuspenak garatzen joango gara urtean zehar, zehaztutako helburuak betetzen. Ia aurten lokala lortzen dugun eta horrekin ere martxan jartzea lortzen dugun, hori izango baita gure sormenaren erdigunea.



  • Zein mezu helarazi nahiko zeniekete Eibar eta inguruko artistei hemendik?


Badakigu karrera artistiko bat aurrera eramatea ez dela lan erraza, baina artistei esan nahi diegu jarraitzeko gogor lanean. Jakin dezatela kolektibo bat dagoela norbanako bakoitzari ibilbide horretan zehar edozein laguntza emateko prest.