Sorginbaso, Eibarko etorkizuneko basoaren hazia
Eibarko Baso Biziak elkarteak urrats esanguratsua egin du bere proiektu ekologikoan: “Sorginbaso” izeneko 12 hektareako baso-lursaila erosi du, eta horrekin ia 50 hektareako sarea osatu du jabetzan eta kudeaketan. Elkartearen esanetan, ez da lur berriak eskuratzea soilik, baizik eta “etorkizuneko baso jarraitu, bizi eta funtzional bat eraikitzen jarraitzea”.
“Sorginbaso” izena Eibarko toponimia zaharretik berreskuratua da. Unbetik Asurtzara igotzen den bidearen inguruko eremu historiko batean dago, Eibarko toponimia mapetan jasotako izen zahar batean oinarrituta. “Mapa batean aurkitu genuen izena, Asier Sarasuak egindako toponimia lan batean. Izenak indarra zuen, eta bertakoa izanik, proiektuari ematea erabaki genuen”, azaldu dute.
Unbe inguruko eremu estrategikoa
Sorginbaso Unbeko lepo inguruan dago, rugby zelaitik ezkerretara doan eremuan, eta historikoki Eibar eta Elgeta lotzen zituen bide zahar baten inguruan kokatzen da. Elkartearen arabera, dago kokapen hori ez da kasualitatea: jarraikortasun ekologikoaren ikuspegitik eremu estrategikoa da.
Helburua ez da lur zatien pilaketa isolatua, baizik eta baso-masa jarraitu bat osatzea. “Baso batek funtzionatzeko gutxieneko azalera behar du. Hektarea solteek ez dute balio; konektatutako sistema bat behar da biodibertsitatea bermatzeko”, azaldu dute.
Gaur egun, Eibarko Baso Biziak elkarteak 27 hektarea inguru ditu jarraian dauden eremuetan Unbe inguruan, eta beste hainbat lur sail kudeatzen ditu hitzarmen edo “kustodia” ereduen bidez. Guztira, 50 baino pixkat gehiagoko sare ekologiko baterantz doa elkartea.
Baso “benetan funtzionala” lortu nahia
Elkarteak ez du hektarea kopuru zehatz baten helmugarik. Bestalde, azaldu dutenez, 100 hektareako jarraikortasun ekologikoa litzateke baso on batek biodibertsitate on bat garatzeko beharko lukeen gutxieneko dimentsioa. “100 hektarea jarraituetan soilik hasten dira benetako harreman ekologikoak, faunaren mugimendu egonkorrak eta ekosistema konplexuak sortzen”, azaldu dute.
Eremu txiki eta isolatuen aldean, azalera handiek aukera ematen dute biodibertsitate handiagoa eta habitat egonkorragoak sortzeko, baita erreka, urmael eta bestelako elementu naturalen integrazioa ere.
Baso batek ekologikoki funtzionatzeko ez dira nahikoak hektarea solteak
Lurren mosaikoa: erosketa eta kustodia
Proiektua ez da oinarritzen jabetza soil batean. Elkarteak bi formula nagusi erabiltzen ditu: batetik, lurren erosketa zuzena, eta bestetik, kustodia edo lurzaintza hitzarmenak.
Azken kasu horietan, lur jabeek 25 urte inguruko akordioen bidez kudeaketa ekologikoa elkartearen esku uzten dute. Horrek aukera ematen du lursail pribatuak ere sare ekologikoan txertatzeko. “Ez da jabetza kontua. Guretzat garrantzitsuena lur horiek nola kudeatzen diren da”, azaldu dute.
Basoaren dinamika: naturari lekua uztea
Elkartearen lanaren ardatzetako bat da naturaren prozesuari denbora eta espazioa ematea. Lur bakoitza aztertu eta bere egoeraren arabera erabakitzen dute esku hartzea edo ez.
Askotan, pinudi moztu berriak izaten dira esku hartzearen abiapuntu. Kasu batzuetan, naturak berak berreskuratzen du eremua; beste batzuetan, landaketa osagarriak egiten dira.
Urtero, 1.000 eta 1.300 zuhaitz artean landatzen dituzte, baina ez modu uniformean: haritzak eta pagoak nagusitzen dira eremu hezeetan (Unbe inguruan), eta artea edo mediterraneoko espezieak eremu lehorragoetan (Arrate aldean, adibidez). “Ez dugu ilara artifizialetan landatzen. Helburua ez da baso ordenatu bat, baizik eta baso bizi eta konplexu bat”, diote.
Biodibertsitatea eta espezieen itzulera
Proiektuaren beste ardatz nagusi bat biodibertsitatearen berreskurapena da. Horretarako, zuhaitzez gain, zuhaixka eta fruitu-espezieak ere sartzen dituzte: gorostia, baso-sagarrak, aranak, keixak edo madariak, besteak beste.
Horren bidez, fauna txikiaren elikadura-katea indartu nahi dute eta ekosistemaren oreka naturalari lagundu. Elkarteak azaldu duenez, pinudi monokultiboek izan dituzten arazoek (gaixotasunak eta ahultasun ekologikoa) erakutsi dute aniztasunaren beharra. “Espezie bakarreko basoak ahulagoak dira. Biodibertsitatea da erresilientziaren giltza”, diote.
Basoaren bilakaera
Erositako lurretan basoaren bilakaera modu argian ikus daiteke. Eremu batzuk hasierako fasean daude, beste batzuk garapen ertainean, eta badira urte luzez ukitu gabe egon diren partzelak ere, non baso-egitura naturalagoak agertzen hasi diren.
Horrek paisaian mosaiko bat sortzen du: zuhaitz gazteak, tarteko garapeneko eremuak eta naturalki sendotzen ari diren baso zatiak elkarrekin. Elkartearen arabera, aniztasun horrek ekosistema aberatsagoak sortzen laguntzen du.
Gainera, azken urteetan zenbait eremutan naturak bere bidea hartu du, eta 15–20 urtean esku-hartzerik gabe egon diren lurretan baso helduaren lehen egiturak agertzen hasi dira.
Ura, erreka eta ingurune zabala
Baso proiektua ez da zuhaitzetara soilik mugatzen. Elkarteak erreken egoera, uraren kalitatea eta fauna txikiaren jarraipena ere lantzen ditu.
Ego ibaiaren eta haren adarren inguruko ikuspegia “ardatz estrategikoa” dela diote, nahiz eta oraindik azpiegitura eta hobekuntza ugari falta direla uste duten. “Errekari bizkarrez bizi gara askotan. Hori aldatu behar da”, azaldu dute.
Baso-lurrak erosteko eta babesteko aukera oraindik badago, baina denbora mugatua da
Komunitatea proiektuaren erdigunean
Eibarko Baso Biziak elkartea 200 bazkide baino gehiagok osatzen dute gaur egun. Horrez gain, enpresa-laguntzak, proiektu-deialdiak, ekintza publikoak eta boluntariotza-sare bat ere badute.
Sorginbaso proiektua, kasu honetan, enpresa baten barruko proiektu baten bidez finantzatu ahal izan da, eta horrek erakusten du finantzaketa eredu anitz baten beharra. “Elkartea ez da lau lagunen proiektua. Herriarena da”, azpimarratu dute.
Deia herritarrei: “Orain da unea”
Elkarteak mezu argia helarazi du: baso-lurrak erosteko eta babesteko aukera oraindik badago, baina denbora mugatua da. “Orain da unea. Gero, berandu izan daiteke”, laburbildu dute.
Horregatik, elkarteak herritarrei parte hartzeko deia egin die: bazkidetza, lankidetza eta ekimenetan parte hartzea dira bide nagusiak. Bilerak astero egiten dituzte Arrate Kultur Elkartean, astelehenetan 19:00etan.
Horrez gain, ekainaren 13an, eguerdian, Untzagan postua jarriko dute, elkartearen kamisetak saltzeko eta bazkidetza egiteko aukera emateko.
Azkenik, gogorarazi dute informazio gehiagorako web orrialdea dutela (eibarkobasobiziak.eus) eta harremanetan jartzeko eibarkobasobiziak@gmail.com helbidera mezua bidaltzeko aukera dagoela.