Sostoak botako du gaur Amañako txupinazoa

Sostoak botako du gaur Amañako txupinazoa
2015/07/03 00:00
eta kitto!

38 urte dira Jose Antonio Alberdi “Goma”k Amañako Jai Batzordearen ardura hartu zuela, eta ordutik, kalerik egin gabe, gure herrian antolatzen diren jai indartsuenetakoak antolatzen ditu. Oraingoan ere bi asteburu hartuko ditu: oraingoa, bete-betea izango dena, eta datorren asteburukoa, jubilatuendako bazkaria eta bertso-afaria hartuko dituena.
Aurreko barixakuan egin zuten jaietako aurkezpena, ohikoa denez, Euskadiko Kutxa Laboralak auzoan duen bulegoan. Eibarren hainbat arlotan nabarmendu diren lagun eta elkarteek batzordearen errekonozimendua jaso zuten ekitaldi horretan: Mikel Rodriguezek eta Vicente Ramirezek erloju bana jaso zuten eta Eibar Foball Taldeko neskek, Katu-Kale saskibaloi taldekoek eta Urbat Waterpolokoek beste plaka bana azken denboraldiak maila igotzea lortu dutelako. Eurekin batera, Sostoa abesbatzakoekin eta Larragest-ekin ere detailea izan zuen Gomak.
Gaurtik domekara geratu gabe Sostoak zabalduko du egitaraua gaur 19.00etan jaurtiko duen txupinazoarekin. Abesbatzaren ekimena ez da hor geratuko, jarraian poteo musikala eskainiko dutelako giroa berotzen joateko. Oria txarangak kalejiran jardungo du Gorritiren animaliekin umeendako joko-jaialdia hasi arte. Gaueko musika kontzertuak ez dio kale egingo hainbeste urtetan lortutako ondo merezitako ospeari eta Betagarrik, El Ultimo Ke Zierrek eta Zarpazo a Cicatriz-ek jarraitzaile asko ekarriko dituzte Amañara.
Herri-kirolak bueltan Biharko egitaraua goizeko 11.00etan hasiko da Maskoten lehiaketarekin, gero umeendako pintura lehiaketarekin jarraitzeko. Herri-bazkariak paella ekarriko du aurten eta arratsaldean ere izango da zer sartu sabelean: pintxo-poteak eta txokolate-janak ondo lagunduko dute horretan. Herri-kirolekin gozatzeko aukera izango da berriro, bi urtetan ez bada egon ere. Nueva Era orkestak girotuko du gaua. Tartean atsedena hartuko du, helduen danborradari eta su artifizialei tokia egiteko.
Domekan umeen danborradak hartuko du protagonismoa eguerdian. Arratsaldean Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen azken lana ikusi ahal izango da eta DJ Angelek orain dela 40 urteko melodiak ekarriko ditu gogora. Egitaraua prestatzerakoan betiko leloari heldu diote Amañako Jai Batzordekoek: “Adin guztietakoek jai giroaz gozatzeko aukera izan dezatela”, dio Gomak. Jarraian, asteburu honetarako egitaraua:


Barixakua 3
19.00.- Jaietako txupinazoa, Sostoa abesbatzaren eskutik. Kalejira, Oriako txarangarekin.
20.00.- Umeendako joko-jaialdia, Gorritirekin.
21.15.- Entzierro txikia.
23.30.- Kontzertua: Betagarri, El Ultimo Ke Zierre eta Zarpazo a Cicatriz.

Zapatua 4
11.00.- El Corte Ingles-eko V. Maskota Lehiaketa, 3. solairuko terrazan.
12.00.- Umeendako Aire Libreko pintura, Amañako plazan. Jarraian, marrazki guztiak ikusgai jarriko dira plazan.
14.30.- Herri-bazkaria.
16.30.- Umeendako parkea: gaztelu puzgarriak, zezen mekanikoa eta espumaren jaia.
19.00.- Pintxo-potea.
19.30. Txokolate-jana, bizkotxo eta gailetekin, ume guztientzat.
19.30.- Herri-kirolak: Azurmendi eta Mugertza II.a aizkolarien arteko lehia, Izeta II.a harri-jasotzailearen erakustaldia eta Fausto Mugertza aizkolariaren altuerako mozketa.
20.30.- Poniak eta bestelako jokoak, Gorritirekin.
21.15.- Entzierro txikia.
21.30.- Kalejira, Mendaroko Motxaila elektrotxarangarekin.
23.00.- Berbenaren hasiera, "Nueva Era" orkestrarekin.
23.15.- Helduen danborrada, Ermuko Irulitxa txarangarekin.
00.00.- Suzko erroberak, Pirotecnia Zaragozanarekin.
00.45.- Berbenaren jarraipena, "Nueva Era" orkestrarekin.

Domeka 5
11.00.- Auzoan hildakoen eta eibartar guztien aldeko meza, Sostoa Abesbatzarekin, Amañako parrokian.
12.00.- Salda eta txorizoa bildutako guztientzat, Amañako plazan.
12.00.- Umeen danborrada, Ermuko Irulitxa txarangarekin.
13.30.- "Amaña es la Caña" auzotarren taldeko familia-argazkia.
13.45.- Lorontzi lehiaketa, Amañako plazan.
14.30.- Ogitartekoak eta freskagarriak danborradan jardundako ume guztientzat.
18.30.- Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna.
19.30.- Txokolate-jana, gailetekin, ume guztientzat.
19.30.- Txorizo-jana eta potea.
20.00.- DJ Angel-en emanaldia, 60. eta 70. hamarkadetako abestiak gogoratzeko. Amañan.