Sostoak dantzekin jantziko du zapatuko San Juan Kontzertua

Sostoak dantzekin jantziko du zapatuko San Juan Kontzertua
2014/06/17 00:00
eta kitto!

Sostoa abesbatzak aurtengo San Juan kontzertuan hainbat berritasun sartu ditu abesbatzaren 30. urteurrenaren harira eta, abestiei kolorea emateko, dantzekin lagunduko dituzte aurtengo emanaldian. Eibarko Balletarekin, Kezka Dantza taldearekin eta beste hainbatekin elkarlanean jardun dute dena prestatzen eta, horregatik, euren esker ona azaldu nahi diete "kontzertua prestatzen lagundu dieten Pili Alonsori, Oier Araolazari eta beste guztiei". Horrekin batera, eszenatokia ere aldatuko da: San Andres elizako klaustroan abestu beharrean, oraingoan Coliseo antzokian izango da kontzertua, ekainaren 21ean (zapatuan), 20.30etan. Sarrerak 5 euro balio du eta aldez aurretik erosteko aukera dago interneten, www.kutxabank.es helbidean, Kutxabank-en kutxazain anitzetan edo, bestela, Coliseoko txarteldegian bertan, barixakuan 21.00etatik 22.00etara. Eta zapatuan, kontzertuaren aurretik, 19.30etan zabalduko dute Coliseoko leihatila.
Sostoako ordezkariek aurreratu digutenez, "ordubete luze iraungo duen kontzertu alaia izango da eta publikoak askotariko musika entzuteko aukera izango du. Dantza-abestietan oinarritutako erritmo ezberdinak prestatu ditugu: ariñ-ariña, aurreskua, Kanarietako 'seguidilla', Extremadurako fandangoa, Venezuelako kalipsoa, Kolonbiako kunbia, Galiziako dantza, bals klasikoa…  Sostoak inoiz ez bezala prestatu dituen dantza eta musika oso ezagunekin gozatzeko aukera paregabea izango da".
Sostoari pianoarekin laguntzen Isabel Laspiur, Tere Laspiur (Sostoako lehen pianojolea izandakoa) eta Mari Karmen Etxebarria egongo dira, soinuarekin Mari Sol Arrillagak jardungo du eta Voces y Cuerdas taldeak ere lagunduko die.